Musika jaialdia Ataunen, Añube kartelburu dela
Hiru musika talde eta Ataungo bi disko jartzaile ariko Auzoeta kiroldegian. Naza Kultur Elkartea da antolatzailea.
Añube taldeko musikariak, tartean Egoitz Goikoetxea ataundarra. Hitza Ataunen musika jaialdi bat antolatu dute biharko, hilak 21. San Martingo Auzoeta kiroldegian izango da, 17:00etatik 00:00etara. Naza Kultur Elkarteak antolatu du. Behin jaialdia bukatuta, Oargin jarraituko du festak, Torto Gazte Asanbladaren ekimenez.
Ekitaldi batek emango dio hasiera jaialdiari, eta 17:30ean hasiko dira kontzertuak. Gorroto Bala, Lehen Lerroa eta Añube izango dira oholtzara igoko diren taldeak. Añuben Egoitz Goikoetxea ataundarrak jotzen du bateria, eta aurten Goierrin emango duten kontzertu bakarra izango da Ataungoa. Haiekin batera Ballins Rock&Roll DJa eta DJ Lizarrusti izango dira. JTK Lazkaun taldekoek jatekoa eskainiko dute.
Sarrerak hainbat herritan jarri dituzte salgai 10 euroan, eta egunean bertan erosteko aukera ere izango da. “Oraindik ez dakigu beste lekuetako zenbat sarrera saldu diren, eta jende dezente etorriko dela uste dugu”, adierazi du antolatzaile taldeko Ixtchel Irastorzak.
Naza kultur elkartea, 2024an sortua
Naza kultur elkartea Ataungo ezkerreko eragile abertzaleak biltzen dituen eta haiei lokal eta “egiturazko babeserako espazioa” eskaintzen dien elkartea da. Zaintza, kultura eta herri ekimena uztartuta, “independentzia, feminismoa eta auzolana” dira haien jardunaren oinarriak. “Jaialdi hau ere auzolanean antolatu dugu, eta txanda guztiak boluntarioek egingo ditugu”, zehaztu du.
Herriko hainbat eragilek espazio komun baten premia sumatu zutelako sortu zuten Naza, elkartzeko, antolatzeko eta komunitatea indartzeko. Horri aurre egiteko erabaki zuten denen artean Zaindegi etxeko lokala erostea.














