Nolakoa zen bizimodua Zaldibian 1935. urtean?
Jose Mari Sukia zaldibiar apaizgaiak idazki batean eman zuen 1930eko hamarkadako herriko erlijio giroaren eta bizimoduaren berri. Antzeko neurriko Goierriko herrien irudia osatzeko ere balio dezake.
Zaldibiako herrigunea, XX. mende hasierako argazki batean. Paco Marin / Kutxa Fototeka Jose Maria Sukia zaldibiar apaiz ikasleak 1935. urtean gazteleraz idatzitako El ambiente religioso de Zaldibia (Zaldibiako erlijio giroa) testuaren barreneko Modos de vida (Bizimoduak) atalean jasotako hainbat informazio biltzen ditu erreportaje honek. Joan den abenduan atal horren itzulpen literala eman zuen argitara Zaldibia.org webguneak –han irakur daiteke osorik–, eta garai hartako Goierriko antzeko tamainako herrietara estrapola daitezkeenez han jasotakoak, lerrook baliatuko dira 90 urteko atzera begirakoa egiteko. Alderdi erlijiosoari ez zaio aipamenik egingo.
Zaldibia Gipuzkoako «herri pintoresko» modura deskribatzen du, eta «Jainkoari esker, oraindik ere garbi» mantentzen duela Euskal Herriaren kultura tradizionala. «Aralar mendebaldeko mendi-oinean kokatua dago, Amundarain errekaren bi aldeetan». 233 familia bizi ziren (1.700 biztanle), bost eremutan banatuta: Erdigunean –Santa Fe kalea, Goiko-kale eta Beko-kale bereizita–, 84 familia, 35 eraikinetan banatuta; Iparraldeko kuartelean, 34 familia, 18 eraikinetan bizi direnak; Ekialdekoan, 54 familia, 37 eraikinetan; Hegoaldekoan, 45 familia, 29 eraikinetan; Mendebaldekoan, 16 familia, 9 eraikinetan.
Biztanleriari ez ezik, artzaintzari, nekazaritzari, industriari, komertzioari, ofizioei edo alkoholaren kontsumoari aipamena egiten die Sukiak idazkian.
Artzaintza eta nekazaritza
Artzaintzan 63 familia aritzen ziren. Horietatik 31 herrigunekoak, artzaintzatik bakarrik bizi zirenak; beste 32ak laborantzan ere aritzen ziren aldi berean. Azken horietatik, 6 familia ipar eta mendebaldeko kuartelekoak ziren, 14 hegoaldekoak eta 12 ekialdekoak.
Nekazaritzatik 106 familia soilik bizi ziren. Horietatik 4 ziren erdigunekoak, 35 ipar eta mendebaldeko kuartelekoak, 26 hegoaldekoak eta 41 ekialdekoak.
Industria eta zentralak
Inazio Irastortzaren aroztegi mekanikoan lau langile aritzen ziren lanaldi jarraituan, eta lan handiko boladetan gehiago ere bai. Iturgintza enpresa bat zegoen; bi errementaria (horietako batean, aita-semeaz gain, langile ofizial bat ere bai lanean); lau obra kontratista; bost jostundegi (horietako batzuk zortzi eta hamabi langilerekin, guztiak emakumezkoak, izan ikastunak edo ofizialak); eta bost irin-errota.
Zentral elektriko nagusi bat ere bai, Sociedad Española de Construcciones Metalicas delakoak sortua –gaur egungo CAF–. «Zazpi langile eta arduradun bat ditu. Oraintsu arte beste hiru langilek ere lan egin dute. Zentral honen indarra Beasaingo lantegira transmititzen da», dio.
Beste zentral elektriko bat ere bazegoen: «Gaur egun Etxezarreta jaunaren jabetzakoa da, bere izena daraman Ordiziako zinemaren jabea. Zentral honen indarra, gehiena behintzat, Ordiziara doa». Bi zentral horiez gain, baziren beste bost, eta horien energia, ia osorik herrian bertan erabiltzen zen.
Esportazioak-komertzioa
Bi herritar aritzen ziren handizkako esne-esportazio lanetan: Donostiara eramaten zuen batek, besteak Alegiako Iriarte esnetegira (gurin fabrika). «Bien artean, batez beste, 2.000 litro esne inguru eramango dituzte egunero. Esne kopuru handi bat herrian bertan kontsumitzen da, eta beste bat, hau ere ez nolanahikoa, Ordiziara esportatzen da». Handizkako salmentak egiten zituen ardo-biltegi bat ere bazen. Sagar esportazioan lau herritar aritzen ziren. Ikatz-mineral biltegi bat ere bazegoen.
Bi zereal-biltegi zeuden, eta hiru okindegi, beraien zereal biltegiekin. Sortu berria zen nekazaritza sindikatu bat ere bai. Honela zerrendatzen ditu: «Ehun-denda bat. Gozotegi bat; txokolatea ere egiten du. Harategi bat. Hamabi taberna (elikagai-denda). Bost sagardotegi. Arrain saltzaile bat, emakumezkoa. Hiru bizartegi. Hiru saskigile. Zapata-denda bat. Bi behi-tratulari eta bost txerri-tratulari».
Beste hainbat ofizio
Zortzi igeltsero zeuden, bederatzi hargin eta 35 zurgin, hainbat herritan aritzen zirenak. «Hiru eskribau. Bi «errekardera» (errekadistak). Elektrikari bat. Soldatzaile bat (bizikleten garaje txiki bat du). Maisu nazional bat. Bi maistra (bat udalarena). Idazkaria. Praktikantea. Medikua. Lau apaiz aktiboan eta bi erretiratuak».
Beasaingo fabrika handira, 14 langile joaten ziren (1930ean 100 langile inguru ziren), eta Itsasondoko Juan Maria Sarasolaren arbeltegira, 17 bat. «Eta bizitza aurrera ateratzeko probintziako beste toki batzuetara, baita probintziatik kanpo ere, gutxienez, 100 langile. Hauetako asko, batez ere neskameak, Donostian aritzen dira. Dozena-erdi bat arrantzale ere badaude Bacalera Españolan lan egiten dutenak, eta beste batzuk Pasaian». Sei familia soilik bizi ziren bere ondasunen errentetatik.
Ganadua, batez ere ardiak
Zaldibian hazten zen ganadua «aberastasun handikoa» dela jaso zuen Sukiak. «Behi-azienda 747 buru baino gehiagokoa da; ardiak 8.500 baino gehiago». Beste espezie batzuk ere hazten zituzten, baina eskala txikiagoan: txerri-azienda eta zaldi-azienda (200 gutxienez). Ordiziako, Beasaingo eta Tolosako azoketara joaten ziren baserritarrak.

Urtean 340 litro inguruko alkohol kontsumoa buruko, sagardoa kontuan hartu gabe
«Alkoholismoaren garrantzia eta Moral Katolikoarekin dituen harremanak ezagututa», 1933ko datuok ere jaso zituen Sukiak, produktuka eta hiruhilekoka banatuta.
Ardo kontsumoa 119.347 litrokoa izan zen (lehenean, 24.829 litro, bigarren hiruhilekoan, 31.875; hirugarrenean, 37.726; eta laugarrenean, 24.917.
Pattar zuriarena nabarmen gutxiago: 3.673 litro. Honela banatuta: 759 litro, 854, 1.133 eta 927. Eta are txikiagoa zen garagardo kontsumoa: 1.635 litro (165, 390, 300 eta 780).
Guztira 124.655 litro alkohol kontsumitu zen, hortaz. Biztanleria osoa kontutan hartuta (1.700), buruko 341,52 litro alkohol batez beste urtean.
Sagardoaren kontsumo datuak ez ditu ematen, sagardoa egiten ez zuten etxeak edo eginda erosten ez zutenak oso-oso gutxi baitziren.













