Seguran 36 postuk hornituko dute lore eta landare azoka, igandean
Hamabi mintegi, hamabost artisau eta bederatzi ekoizle izango dira udaberriko 24. ferian. Fruta-arbolen txertoez eta ekosistema naturalez, azalpenak.
Lore eta landare aukera postu batean salgai, iazko martxoan, Seguran. Lide Egizala Udaberria gaur 15:46an erneko da, eta urtaroaren ezaugarri diren lehenengo loreak eta landareak Seguran erakutsiko dituzte, igandean. Udaberriko Loreen eta Landareen 24. Azoka egingo dute, 10:00etatik 15:00etara, udalak eta Azoka Batzordeak antolatuta. Guztira, landare postu, artisau eta janari salmahaien artean, 36 postu egongo dira.
Landarea izango da feriaren ardatza. Hamabi mintegik jarriko dituzte salpostuak. Tartean izango dira Segurako Aldatagoena lorategia eta Zaldibiako Iñaki Azantza. Loreak, landareak, haziak, barazki-landareak eta horien ingurumariko produktuak jarriko dituzte mintegiek.
Sektorearen erakusleiho eta saltoki erraldoi bihurtuko dira Segurako plazak eta kaleak. Ez hori bakarrik. Azalpen teknikoak plazaratzeko eta adituen jakintzak entzuteko tokia ere izango da. Josu Osa frutazainak fruta-arboletarako txerto mota batzuk erakutsiko ditu, 10:30etik 14:00etara bitartean.
Horrez gain, ekosistema naturalak sortzeko eta indartzeko Eusko Jaurlaritzaren Aztertu programaren berri ere zabalduko dute, goizean zehar. Bien bitartean, haurrei zuzenduta, zeramikazko txarroak egiteko eskulan txokoa ere jarriko dute, 11:00etatik 12:30era, frontoi zaharrean. Iratxe Azkaratek gidatuko du ikastaro-jarduera. Kriseilu txistulari taldeak girotuko du goiza.
Azoka osatzeko, mota eta diziplina askotako artisauak izango dira Seguran, 15 denera. Poltsa, osagarri, arropa eta bitxiez gain, hari-lanak, oineatakoak, pilotak, apaingarriak eta sendabelarrak ikusi eta erosi ahalko dira. Jakien salmenta ere eskainiko dute, bederatzi ekoizlek.
Erakusketa Ardixarran
Udaberriko Lore eta Landare Azokaren osagarri, Giza habitat ezkutatua erakusketa antolatu du Lore Azoka Taldeak. Astelehenean zabaldu zuten Ardixarra museo-etxean, eta martxoaren 26ra arte egongo da ikusgai.
POSTUAK
Lore, landare eta barazkiak
- Mintegiak. Aldatagoena lorategia (Segura), Azantza (Zaldibia), Aleka Haziak elkartea (Beizama); Cactus Islaya eta Landarbaso (Errenteria); Mintaka eta Zunoyar (Oiartzun), Endanea (Hondarribia), Basalar (Atxondo), Murueta lorategia (Murueta), JC Esain (Tafalla), Abel La Arena (Zaragoza).
Artisauak
- Goierrikoak. Hazi eta Hezi (Ataun), Sandra Maduixa (Ataun), Ehunduz jantziak (Gabiria), Fermin Goenaga sendabelarrak (Zumarraga), Gure Galtzerdia (Lazkao), Ideia Diseinuak (Zumarraga), Ki.imak musika taldea (Segura, Idiazabal, Antzuola), Koloreen Tribua (Beasain), Kurkubi (Gabiria), Mari Eder (Idiazabal).
- Eskualdez kanpokoak. Agur Handmade (Ibarra), Erkuku (Durruma), Ines Flores (Lasarte), Joseba Rodriguez (Iruñea), Xabier Iturriotz (Iruñea).
Jaki ekoizleak
- Goierri. Eugenio Elortza eztia, Ondarre ardi gazta, eta Segurako talogileak (Segura), Odio Baserria behi gazta (Mutiloa), Arbelar ardi gazta (Zerain).
- Bizkaia. Olatxuko marmelada eta patea (Arrieta), Elortatxu baserria ogia eta gozoak (Gamiz-Fika), Txaramela pasta (Muskiz).
- Nafarroa. Katealde patea (Altsasu).













