Beasain, Ordizia eta Tolosako ikasleen Merienda Literarioa, martxoaren 26an
Irakurzaletasuna sustatzea da proiektuaren ardatza, baina "batez ere", antolatzaileek azaldu dutenez, "gazteen artean hitz egiteko, iritzia partekatzeko eta komunitatea eraikitzeko espazio inklusiboak sortzea" bilatzen du.
Oianguren institutuko ikasleen 'Jateko Moduko Liburuak' egitasmoko ekitaldia, iaz, Barrenan.Loinaz Agirre Jateko Moduko Irakurleak proiektuko Merienda Literarioak ekimenak Goierriko eta Tolosako ikasle batzuk elkartuko ditu martxoaren 26an Tolosako Zerkausian egingo den topaketan. Beasain BHI, Orixe BHI (Tolosa) eta Oianguren BHI (Ordizia) ikastetxeek elkarlanean antolatu dute proiektua.
Irakurzaletasuna sustatzea da proiektuaren ardatza, baina “batez ere”, antolatzaileek azaldu dutenez, “gazteen artean hitz egiteko, iritzia partekatzeko eta komunitatea eraikitzeko espazio inklusiboak sortzea” bilatzen du.
Ikasturtean zehar ikastetxe horietako Batxilergoko ikasleek literatur menuak sortu dituzte, euren irakurketa proposamenak antolatuta. “Abenduan DBHko ikasleei aurkeztu zizkieten menu horiek, eta azken asteotan talde bakoitza irakurtzen eta prestatzen aritu da martxoaren 26ko topaketarako. Ekitaldi honetan, parte-hartzaileak mahaika banatuko dira, liburu baten eta literatura menu baten inguruan elkartuta, eta Batxilergoko ikasleek dinamizatuko dituzte elkarrizketak”, azaldu dute.
17:00etan hasiko da Tolosako Zerkausian topaketa, harrera musikatuarekin. 17:05ean Iñaki Artolaren agurra izango da, eta 17:10ean kartel eta Booktrailer lehiaketetako sarien banaketa. 17:20an solasaldien eta meriendaren txanda izango da, eta horiek bukatzean, 18:20an, musika eta poesia emanaldia. Ondoren, photocall-a jarriko dute argazkiak ateratzeko, eta oroigarriak banatuko dituzte. Amaitzeko, 18:45 aldera, mahaietan ateratako gogoetak partekatuko dituzte ekitaldiari amaiera emateko.













