Biltegilan, industria arloko prestakuntza berria
Industria sektoreko ateak zabalduta, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei laneratzeko aukera berriak eskaini nahi dizkie aurkeztu berri duten prestakuntza planak. Apirilaren 14an egingo dute aurkezpen saioa.
Ezkerretik eskuinera, Goierri Valleyko presidente Mikel Arrizabalaga, Goiekiko Industria arloko Xabier Perez eta Sutargiko Xabier Lekuona.Izaro Villarreal Elkar Ekin Lanean programaren markoan martxan jarriko den industria sektoreko prestakuntza berria aurkeztu dute: Biltegilan. Goiekik bultzatuta eta eskualdeko gizarte sarearekin elkarlanean definituta, prestakuntza ibilbide osoa ondu dute, industria sektoreak behar dituen profil kualifikatuak prestatzeko. Sutargik emango du prestakuntza eta Goierri Valley izango du enpresa eta sarearen arteko zubi lanak egiten kolaboratzaile gisa. Hiru erakunde horietako ordezkariak bildu dira gaurko aurkezpenean, Goiekik Ordizian duen NBF eraikinean.
Zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen laneratzea sustatzea eta eskualdeko industriak behar dituen gaitasun profesionalak eskaintzea dira ekimenaren helburuak. Behar horiek modu ezberdinetan identifikatu dituztela azaldu du Xabier Perez Goiekiko Industria arloko arduradunak: eskualdeko eragileen elkarlanaren bitartez, aurreko urteetan parte hartu izan duten pertsonen feedbackari erreparatuta eta tokiko enpresekin batera aurrera eramandako dinamiken bitartez, besteak beste.
Rolen banaketa
Horrekin guztiarekin, eskualdeko enpresen errealitatea gizarte sarearekin lotzea bilatzen dela jakinarazi dute, bai eta erakunde bakoitzak bide hori elikatzera begira izango dituen eginbeharrak eta rolak zehaztu ere. Goieki programaren koordinazioaz eta parte hartzaileen jarraipena bermatzeaz arduratuko da, prestakuntza eskualdeko beharretara egokituta egongo baita, gerora lanerako integrazioa errazteko. Sutargi, berriz, bere metodologia propioan oinarritutako formakuntza eskaintzeaz, eta Goierri Valley, azkenik, prestakuntzen eduki hori enpresen beharrekin bat datozela bermatzeaz.
“Prestakuntza praktikoa izatea eta sektorearen beharretara egokitzea bilatzen da, parte-hartzaileen laneratzea erraztuta eta enpresek langile kualifikatuak izan ditzaten baldintzak jarrita”
Mikel Arrizabalaga. Goierri Valleyko presidentea
Azken hori azpimarratu du, hain justu, Mikel Arrizabalaga Goierri Valleyko presidenteak ere: “Prestakuntza praktikoa izatea eta sektorearen beharretara egokitzea bilatzen da, parte-hartzaileen laneratzea erraztuta eta enpresek langile kualifikatuak izan ditzaten baldintzak jarrita”. Hori dela eta, lan mundutik “oso gertu” diseinatutako ibilbidea izango dela esan dute, eta lehenengo mailako ziurtagiri profesionala eskainiko die parte-hartzaileei.
Metodologia propioa
Sutargik formakuntza ibilbide guztietan aurrera eramaten duen metodologia propioa eskainiko du, bertako zuzendari Xabier Lekuonak azaldu duenez. Inklusivity metodologia da hori, eta antza, ardatz zein metodologia ezberdinetan oinarritzen da.
Batetik 70-20-10 formulari jarraitzen diola nabarmendu du Lekuonak: “Zentzu gutxi ikusten diogu teoria formala etengabe txertatzeari, jasotzen den informazioa ez delako erabat barneratzen”. Kontrara, euren metodologiak praktikotasuna bilatzen du, eta hori islatzen da zenbakietan ere. “%70 hori litzateke ikaskuntza barneratzea praktikaren bitartez, %20a litzateke talde lanaren bitartez jasotzen eta barneratzen den ikaskuntza, eta %10a litzateke ikaskuntza formala”, azpimarratu du Lekuonak.
SBO Skill Based Organization metodologian ere sakontzen du. Pertsonaren gaitasun zein beharretara eta kolaboratzaileek eskatzen dituzten konpetentzietara moldatzea eskatzen du; horregatik, itinerarioaren hasierako faseetan erakundeekin elkarrizketa txikiak izaten dira, profil ugaritan eskatzen dituzten konpetentziak identifikatzeko.
“Zentzu gutxi ikusten diogu teoria formala etengabe txertatzeari, jasotzen den informazioa ez delako erabat barneratzen”
Xabier Lekuona. Sutargi enpresa
Erronka bidezko formakuntzaren alde ere egiten du. Lekuonak azaldu du kolaboratzaileak “aktibo” egiten dituztela euren itinerarioetan; izan ere, ikaskuntza praktikoa erakundeek transladatzen dituzten erronketan oinarrituta egongo da, eta beraz, “erronka errealak” izango dira ikasleek aurrera eramango dituztenak.
Hori gutxi ez eta, pildora espezifikoak ere txertatuta ditu Sutargiren metodologiak, maiz enpresek transmititzen dituzten behar eta ezagutza konkretuekin lotuak: jasangarritasuna, digitalizazioa…
Aurkezpen saioa
Prestakuntza-ibilbide honetan 20 pertsonak hastea aurreikusten da. Helburua gutxienez 15 parte-hartzailek prestakuntza amaitzea da eta horietatik 10ek laneratzea lortzea, eskualdeko industria-sektorean sortzen diren aukerak aprobetxatuz.
Hala eta guztiz ere, Biltegilan programa honen inguruan gehiago jakiteko eta zalantzak argitzeko, aurkezpen saioa egingo dute datorren apirilaren 14an, goizeko 10:00etan, Goiekik Ordizian duen NBF eraikinean. Interesa eduki dezaketen pertsonei ez ezik, enpresei zuzendutako aurkezpena ere izango da, eta sakonago azalduko da programa bere horretan, bai eta ziurtagiriaren balioa eta eskatzen diren gutxienekoak ere, besteak beste.
Bertaratu nahi duenak, baina, izena eman beharko du aurrez, goierri.eus web orrialdean izena emanda edota ohiko kanalak erabilita: 943 16 18 31 zenbakira deituta edota Whatsapp mezua bidalita.













