Goierri prest martxoaren 28ko goizerako
Goierrin ia 50 kilometro egingo ditu 24. Korrikak, 170 lekuko aldatzerekin. Urretxuarrek hartuko dute lehendabizi lekukoa, eta legorretarrek azkenean.
23. Korrika Aramatik Itsasondora bidean, orain bi urte.Korrika Ane Arrizabalaga eta Nekane Munduate dira Goierri garaian eta Goierri behean 24. Korrikaren antolaketa koordinatzeaz arduratu direnak. Herrietako batzordeekin eta eragileekin eskuz esku lanean aritu dira azken hilabeteetan, eta inork baino ezagutzen dute eskualdean Korrikaren inguruan egin den lana, Korrikaren inguruko xehetasunak eta herrietan sortu den giroa.
Korrikak 50 kilometro inguru egingo ditu Goierrin, martxoaren 28an. Antzuolako mugan hartuko dute goierritarrei dagokien lehen lekukoa urretxuarrek 07:44ean, eta Legorretan agurtuko dute legorretarrek, 13:00 pasatxoan.
Urretxuren eta Zumarragaren kasuan, 8,3 kilometro eta 20 lekuko hartze izango dira. Hala ere, Ane Arrizabalagak aurreratu duenez, «24 eragile badira dagoeneko parte hartuko dutenak, beraz, elkarbanatu egingo dute lekuko hartzea. Zatiak baino eragile gehiago izatea gauza ona da!».
Goierri beheko herrietan
42 kilometro inguru eta 150 bat lekuko-aldatze izango dira. «Beasain, Lazkao eta Ordizia bezalako tokietan espazioa oso txikia da eta eragileak asko dira. Aurtengo Korrikan irizpide nagusia izan da, eramale bakoitzak, behintzat, 200 metro ematea. 200 metroka egingo dira lekuko aldaketak horrelako eremuetan», dio Nekane Munduatek. Lekuko aldatze bakoitzaren tokia zehaztuta egongo da panel berezien bidez.
Izan ere, «Kilometroa ez da erosten. Ekarpena egiten da, ez da ezer ere erosten». Munduatek mezu hori argitu nahi izan du. «Lekuko hartzea eskuratzen da. Aurten horri eman nahi izan diogu garrantzia batzordeetan: ez da erosketa bat, baizik eta babes edo diru ekarpen bat ematea. AEKri egiten zaion diru ekarpena da».
Elkarbizitza
Helburu ekonomikoaz gain, dena den, beste ekarpen garrantzitsu bat ere egin dio Korrikak euskarari AEKko kideak adierazi duenez: «Komunitate bezala, Korrikak ematen diguna behar dugu, gure identitatearen keinua bat ere badelako. Eta emozio horiek bildu egiten ditugu Korrikarekin. Hori ere ezin da ahaztu».
«Batzordeak esan nahi du herriko elkarte, eragile eta norbanako desberdinak batu egin direla Korrikari lekua emateko. Ez da erraza elkartzea eta bat egitea, baina Korrikak lortzen du»
Nekane Munduate. Korrikako Goierri beheko arduraduna
Gainera, elkarbizitza ariketa garrantzitsua da Korrika Munduaterentzat, bai egunean bertan, eta baita aurreko asteetan ere. Herrietako batzordeak dira horren adibide Munduatek gogoratu duenez: «Batzordeak indartsu, oro har, jendetsu eta gogotsu izan ditugu aurten. Batzorde batek esan nahi duen guztiarekin: batzordeak esan nahi du herriko elkarte, eragile eta norbanako desberdinak batu egin direla Korrikari lekua emateko. Ez da erraza elkartzea eta bat egitea, baina Korrikak lortzen du».
Gogotsu daude goierritarrak, beraz: «Urretxun eta Zumarragan emozioa eta gogoa nabari dira; Legazpin, aldiz, egoera bestelakoa da. Aurten azken horretatik ez da pasatzen, eta herritar batzuk eta gu saiatu garen arren zerbait prestatzen, ez dugu lortu».
Korrika Txikiak eta Korrika Kulturaleko ekintzen bidez, herriak girotuko direla uste du Arrizabalagak. «Korrika Kulturalean ere baditugu hainbat ekitaldi, eta horrez gain, eguneko egitaraua ere ederra ari da geratzen. Jendea lanerako dago, nabari da, eta guztiz eskertzekoa da!».
Larunbat goizean
Bilbon amaitu bezperan iritsiko da 24. Korrika Goierrira; duela bi urte bezala, larunbat goizean. Arrizabalagak gogoratu duenez, «eguna bera antolatzeak lan asko dakar berarekin, baina aurreko edizioan ere larunbata tokatu zen, eta egun mundiala izan zen; beraz, aurtengoan ere horrelakoxea ateratzea espero dugu».
«Bi urtean behin izaten da, gogotsu egoten gara. Euskararen aldeko ekintza zoragarria da Korrika»
Ane Arrizabalaga. Korrikako Goierri garaiko arduraduna
Herrietan ekintza ugari antolatu dituzte gainera martxoaren 28rako: «Denetik dago. Gosari herrikoiak, herri bazkariak, kultura aldetik kontzertuak, jolasak… Gosari herrikoiak antolatu dituzte herri askotan. Korrika pasa eta elkarrekin gosalduko dute. Polita da», argitu du Munduatek.
Larunbata izanda, kanpotik ere etorriko dira Goierrira Korrika egitera eta lekukoa hartzera. Besteak beste, Ezkion, Euskal Artzain Txakurren Adiskideen taldeak hartuko du. Eta ezkontza agurra duen lagun talde batek ere Goierrin egingo du korrika.
Momentua aprobetxatu
Amaitzeko, bi mezu eman nahi izan ditu Arrizabalagak. Batetik, «lekukoa eraman behar duten eragileei 40 minutu lehenago euren lekuetan egotea». Eta, bigarrenik, «Korrikan parte hartuko duten guztiei aprobetxatzea momentua; bi urtean behin izaten da, gogotsu egoten gara! Euskararen aldeko ekimen zoragarria da, herria batzen gara. Alderik alde zeharkatuko dugu Euskal Herria, beraz, gurera heltzean, gozatu!! Euskara gara!».













