Maddi Agirre gasteiztarrak irabazi du XIII. Osinberde saria
Harekin batera Eki Mateorena leitzarra sailkatu da apirilaren 11n Gabirian jokatuko den 54. Osinalde sarirako.
Maddi Agirre irabazlea eta Eki Mateorena bigarren sailkatua, ezkerretik lehenak. Erdi-erdian June Aiestaran beasaindarra. Zabel Larunbatean jokatu zen bertsolari gazteen 54. Osinalde sariketako bigarren kanporaketa, eta XIII. Osinberde saria. Osinberde sariko irabazlea Maddi Agirre (Gasteiz) izan da, eta bigarren sailkatua berriz Eki Mateorena (Leitza). Beraz, bi bertsolari hauek izango dira Gabiriako Osinalde elkartean, apirilaren 11n jokatuko den finalean kantuan. Entzuleen saria ere Maddi Agirrerentzat (Gasteiz) izan zen, Joxepaneko arduradun Lurdes Barcinaren eskutik jaso zuen egurrezko taila dotore bat.
Sei bertsolari aritu dira lanean: Maddi Agirre (Gasteiz), Eki Mateorena (Leitza), June Aiestaran (Beasain), Danel Herrarte (Aramaio), Irune Basagoiti (Ermua) eta Beñat Astiz (Barañain). Aurkezle lanetan Joxi Irastorza aritu da eta bertsolariak kopletan aritzeko, Urko Ormaetxea eta Joxe Antonio Irastorza Furriela trikitilarien laguntza izan dute. Bertsolari bakoitzak sariketan parte hartzeagatik oroigarri bana, Puntutan erropa dendako deskontu bonua eta Patxi Iraolaren Naizen Apurra liburuaren ale bana jaso dute, eta Maddi Agirrek horrez gain, irabazlearen garaikurra ere bai. Epaile lanetan, Aitor Irastortza, Mikel Urteaga, Alaitz Sarasola eta Maite Sukia aritu dira.
Aurtengo Osinberde sariketan 45 lagun izan dira afaltzen eta ondorengo bertso saioa entzutera ere beste hainbat lagun gehitu dira Joxepaneko jangelara. “Afari ederra. Giro aparta eta bertso saio dotoreaz gozatu dute bertaratutakoek”, nabarmendu dute Zabel Zaldibiako Bertsozale Elkarteko kideek.

Maddi Agirre irabazlea garaikurrekin.Zabel













