Unai Etxeberriak esperientzia baliotsua pilatu du Espainiako Txapelketan
Lehen aldiz aritu da Espainiako Txapelketan eta marka pertsonala lortzetik gertu geratu da. Lanean jarraitzeko gogoz eta ilusioz bueltatu da etxera.
Gazteen igeriketako egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako bat jokatu da asteburuan Sabadellen: Neguko Haur Mailako Espainiako Txapelketa. Hamaika txokotako igerilari onenek topo egin dute asteburuan, eta Goierrik ere izan du ordezkaritza.
Parte-hartzaileen artean izan da Unai Etxeberria beasaindarra, Ordizia-Lazkao Igeriketa taldeko kidea. Bere lehen Espainiako Txapelketa izan da, eta klubak nabarmendu duenez, “motibazioz beteta” itzuli da etxera.
Etxeberria 50 metro tximeleta proban aritu da. “Saio sendoa” osatuta, marka pertsonala lortzetik gertu geratu da. Emaitzetatik harago, ordea, bere jardunak “aurrerapauso nabarmena” erakutsi duela azpimarratu du taldeak. Haien hitzetan, halako txapelketetan emaitzak bigarren mailan geratzen dira sarri, eta esperientziak berak hartzen du benetako garrantzia: ikasitakoa, beste igerilariekin partekatutako uneak eta lehiaketaren giroak. Horiek guztiak, hain justu, “aberasgarriak” izan dira bere garapen pertsonal eta kirolerako.
Etorkizunari begira, lanean jarraitzeko gogoz eta ilusioz dagoela gaineratu dute: “Sabadellen bizitakoa hasiera besterik ez da izan, etorkizunean erronka eta helburu berriak etorriko diren bide baten lehen pausoa”.













