Arrazakeria kiroletik desagerrarazi nahian
Kirolean arrazakeria desagerrarazteko konpromisoa hartu dute Lazkaoko eragileek.
Lazkaoko hainbat kirol elkartetako eta udaleko ordezkariak. Lazkaoko Udala Arrazakeria kiroletik desagerrarazteko konpromisoa hartu dute Lazkaoko kirol elkarteek eta udalak. Era horretan, arrazakeria, xenofobia edota bestelako diskriminazioen aurkako «konpromisoa» berretsi du udaleko Kirol Batzordeak: «Kirola elkarrenganako errespetuan, berdintasunaren eta talde lanaren oinarrian finkatzen da, eta balore positibo horiek garatzen laguntzen dute».
Kirol jardueretan eta eremuetan jokabide arrazista eta baztertzaileak gertatzen jarraitzen dutela adierazi du udalak. «Faxismoaren eta xenofobiaren gorakada testuinguruan, gizarte bezala tinko jokatu beharra» azpimarratu du.
Lazkaoko kirol eremuetan, elkarteetan, taldeetan eta instalazioetan aniztasuna aberastasun gisa ulertzen dela oroitu du udalak, «pertsona guztiek, jatorria, hizkuntza, kultura edo sexu orientazioa edozein dela ere, errespetuz, duintasunez eta seguru parte hartzeko eskubidea dutela defendatzen dugu». Kirol espazio seguru eta inklusiboak bermatzea lazkaotar guztien esku dagoela adierazi du udalak.
Martxoak 21
Arrazakeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna martxoaren 21ean izan da, arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borroka oroitzeko eguna. Sharpevillen (Hegoafrikan) 69 pertsona hil zituzten apartheid-aren aurkako manifestazio baketsu batean, 1960ko martxoaren 21ean.













