Bizikidetzarako Mahai Politikoak memoria partekaturako oinarri komunak aurkeztu ditu
Zoru etiko komun baten inguruan lan egitea adostu dute ordezkaritza duten lau alderdi politikoek. Giza eskubideen, memoriaren, egiaren eta bizikidetzaren aldeko konpromisoan berretsi dira.
Ordezkari guztiak, udaletxean egindako agerraldian.Izaro Villarreal Ordiziako Bizikidetzarako Mahai Politikoak agerraldia egin du gaur goizean, Giza Eskubideen eta Biktimen Duintasunaren Urraketa Larriei buruzko Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna dela baliatuta. Udalean ordezkaritza duten lau alderdi politikoetako kideek hartu dute parte, eta giza eskubideen, memoriaren, egiaren eta bizikidetzaren aldeko konpromisoan berresteaz gain, azken hilabeteetan adostutako oinarriak jendartera atera dituzte.
Lau alderdietako ordezkariak bildu dira horren berri emateko: Adur Ezenarro eta Jon Ander Caballero (EH Bildu), Joseba Aranburu eta Jose Ignacio Iturrioz (EAJ), Viviana Murillo eta Mila Sukia (Ordizia Orain-Elkarrekin Ahal Dugu), eta Ana Sanchez eta Carlos Gonzalez (PSE-EE).
Lau urteko elkarlanaren ondoren, memoria partekatu bat eraikitzeko “espazio komun bat” adostea lortu dute, jakitun izanda “ikuspuntu anitzak” egon daitezkeela. “Egiak ertz asko ditu, eta bakoitzak gertatutakoaren inguruan bere irakurketa propioa izan dezake”, nabarmendu dute. Hala ere, aurrerantzean egingo diren udal-ekimen guztiak zoru etiko horretan oinarrituko direla ziurtatu dute.
Hain justu, Mahai Politikoak adierazi du alderdikeriak alboratzeko momentua dela: “Iraganari modu partekatuan begiratzeko borondatea berretsi nahi diegu herritarrei. Horretarako, beharrezkoa da gertatutako guztia mahai gainean jartzea, Ordizian gertatutako giza eskubideen urraketak aitortzea eta maila lokalean beharrezkoak diren mekanismoak martxan jartzea”.
Ildo horretatik, Bizikidetzarako Mahai Politikoak berretsi du lanean jarraituko duela: “Motibazio politikoak eragin dituen giza eskubideen urraketen biktima guztiekiko eta beste sufrimenduekiko errespetutik eta zintzotasunetik jokatuko dugu beti”.
Hauek dira alderdi guztien artean adostutako puntuak, hitzez hitz:
-
Iraganaren irakurketa egin eta etorkizuna bakean eraikitzeko, ezinbestekoa iruditzen zaigu gertatutakoari giza eskubideen esparrutik heltzea, pertsona guztientzat berdinak baitira.
-
Memoria eta bizikidetza lantzea, desberdintasun politikoak gaindituz eta elkarrizketarako zein entzuteko espazioak ahalbidetuz.
-
Ezinbestekoa da giza eskubideen urraketa eta bestelako sufrimendu guztiak mahai gainean jarri eta arbuiatzea, irakurketa partekatua ahalbidetzeko.
-
Bizikidetzarako Mahaiak ematen dituen urrats guztiak adostasunetik izango dira, kide guztiak ados egonik bertan hartzen diren erabakiekin.
-
Giza Eskubideetan oinarritutako eta indarkeriarik gabeko gizarte bat eraiki nahi badugu, ezinbestekoa da belaunaldi gazteei gertatutakoa transmititzea.
-
Bizikidetzarako Mahai Politikoak Ordizian elkarbizitza demokratiko eta normalizatua lortzeko lan egiteko konpromisoa hartzen du.













