Hitzaldia frankismoaz
Frankismoak errepresaliatutako emakumeak izango dituzte hizpide bihar Zegaman. Ione Zuloaga historialariak eta Aranzadiko kideak egingo du hitzaldia.
Zuloaga Zegaman, 2024ko ekainean beste hitzaldi batean. Hitza Frankismoak Zegaman utzitako biktimei aitortza egin asmoz, udalak eta Aranzadi Zientzia elkarteak aspaldi abiatu zuten bi erakundeen arteko elkarlana. Zegamako Udalak urteak daramatza memoria historikoa lantzen: 2015ean sortu zuten Oroimenaren Txokoa, Jose Urbizu Berasategiren gorpuzkiak Urbasatik berreskuratu eta herriko hilerrian ehortzi zituztenean. Orduz geroztik, frankismoaren biktima gehiagori ere egin diote aitortza eta beste hainbat lanketa ere ondu ditu Aranzadirekin elkarlanean.
Frankismoak utzitako biktimen espektro zabalean, Zegaman 1936tik 1978ra bitartean gertatutako giza eskubideen urraketak, errepresioa eta motibazio politikoko beste indarkeria batzuk jasan zituzten emakumeen historia berreskuratzen ari da, zehazki, Aranzadi, ikerketa historikoaren bidez. Lanketa hau Zegamako Udalarekin egindako hitzarmenaren emaitza da.
Ikerketa historikoaren nondik norakoen berri emateko Isilpeko historia berreskuratuz. Frankismoak errepresaliatutako emakumeak tokiko ikerketan hitzaldia eskainiko du bihar arratsaldean, 18:30ean gaztelekuan Ione Zuloaga historialariak eta Aranzadiko kideak: «Errepublikan zehar protagonismoa izan eta 1936ko gerran eta haren ostean diktadura frankistan errepresioa jasan zuten emakume eta disidentzia sexu-generikoei buruz».
Harremana, lehenagokoa
Zuloagaren eta Zegamaren arteko harremana ez da gaurkoa, ordea. Zegamako Udalak hala eskatuta, Zegama 1936-1945. Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan ikerketa lana egin zuen orain urte batzuk. Proiektua 2019tik 2021era luzatu zen eta 2023an publikatu zuten bi liburukitan. Liburua urte hartako apirilean aurkeztu zuten eta aurkezpenarekin batera, 2015ean sortutako Oroimenaren Txokoaren plakaren ondoan beste bat jarri zuten, 11 izen gehituta.
Zuloagaren ikerketa lanean Zegamako udal artxiboa gakoa izatean ari da, beste herriko artxibo askotan baino «informazio gehiago» aurkitu dutelako bertan. Guztiarekin, garrantzitsuena ahaztutako memoria hori berreskuratzea da, «Horrenbeste urte pasa diren arren, oraindik irekita jarraitzen duten zauri horiek ixteko beharrezkoa da egia jakitea», azaldu zion ordu hartan Goierriko Hitzari Zuloagak berak.













