Aire Libreko Margo Lehiaketa apirilaren 18an jokatuko da
Iazko arrakastaren ondotik, bigarren urtez antolatzea erabaki dute antolatzaileek. Ordiziako Alde Zaharra izango dute gai nagusi.
Ekimeneko antolatzaileak eta epaimahaikideak. Izaro Villarreal Aire Libreko Margo Lehiaketaren bigarren edizioa antolatu dute Ordizian. Lehiaketa iaz abiarazi zuten, plazaren urteurrenaren ospakizunaren barruan, eta hura izan zuten gaitzat; «arrakasta hutsa» izan zela esan dute Izaro Intxausti eta Jokin Telleria antolatzaileek, eta horregatik bigarren edizioa izango du. Apirilaren 18an jokatuko da, larunbatarekin batera.
Margolariek Ordiziako Alde Zaharra izango dute gai nagusi, bereziki garai bateko harresia eta haren inguruko eremuak inspirazio iturri hartuta.
Lehiaketa irekia izango da; parte hartzaileek margotzeko euskarriak Barrena Kultur Etxean zigilatu beharko dituzte egunean bertan, 9:00etatik 10:30era. Ondoren, margolariek herriko txoko ezberdinetan margotuko dituzte lanak, eta 13:30etik 14:30era aurkeztu beharko dituzte toki bereko erakusketa aretoan, egilearen datuekin batera. Lehiaketa amaitu bezain laster, aurkeztutako lan guztiak ikusgai izango dira Barrenako erakusketa aretoan, apirilaren 30era arte.
Epaimahaia eta sariak
Lehiaketarako lanak Raquel Jimenez, Javier Soto, Patxi Morales, Jokin Telleria eta Kontxi Simonek ostatutako epaimahaiak baloratuko ditu, eta sari ugari izango dira:
Helduen kategorian, irabazleak 900 euro dirutan eta diploma irabaziko ditu, eta horrez gain, 300 euroko beste hiru sari ere banatuko dira. Herriko kategorian, 600 euroko lehen saria eta 300 euroko beste sari bat emango dira. 13 eta 17 urte bitarteko haur eta gazteen kategorian, berriz, 100 euroko saria izango da, eta Ordiziako gazteentzat (0-17) 80 eurokoa. Haurren kategorian, azkenik, 50 euro eta diploma banatuko dira, eta 150 euroko accesita ere emango da.












