CAFeko langileek 67 orduko lanuzteak onartu dituzte
LABek jakinarazi duenez, hitzarmen kolektiboaren negoziazioa aktibatu eta tentsionatzeko helburuz onartu dute egutegia. Apirilean hasiko dira.
LABeko ordezkarien mahaia CAFen, artxiboko irudian.LAB-CAF LAB sindikatuak jakinarazi duenez, CAFeko langileek 67 orduko lanuzteak onartu dituzte hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko. CAF Beasain eta Irungo lantegietako langileek gaur egin dituzte batzarrak, eta batzarretako parte hartzaileen %89aren babesarekin, Enpresa Batzordeak proposatutako 67 orduko lanuzte egutegia onartu dute. Madrilgo plantak ere egutegi bera baieztatu du. Lanuzte egutegiak apirilean hasiko dira.
Hitzarmen kolektiboaren negoziazioa aktibatu eta tentsionatzeko helburuarekin adostu dituzte mobilizazioak. Sindikatuak azaldu duenez, negoziazio prozesuari hasiera eman zitzaionetik lau hilabete igaro direnean, “zuzendaritzak proposamen idatzi bakarra helarazi du, eta ordezkaritza sozialaren iritziz, ez die erantzuten langileen beharrei eta ez du aukera ematen akordio baterantz aurrera egiteko”.
Zuzendaritzaren proposamenak, LABen esanetan, hau jasotzen du: “KPIaren azpitik dauden soldata-igoerak, lehen urtetik bertatik erosahalmena galtzea ekarriko luketenak; gaixotasun arrunt edo lan-istripu ez diren kasuetako ezintasun iragankorreko osagarrien murrizketa; baimenak legezkotasunera egokitzea, legeak eskatzen duenetik harago inolako hobekuntzarik eskaini gabe; eta bermerik ez errelebo-kontratuaren aplikazioari edo enplegu-sorrerari dagokienez”.
Beasain eta Irungo plantetan LABek gehiengo sindikala du, eta CAF Taldean lider sindikala da. Haren ustez, enpresaren eskaintza “eskasa eta onartezina” da, eta “beharrezkotzat” jo du “negoziazio mahaia tentsionatzea zuzendaritzak langileen aldarrikapenak serio har ditzan”.
Negoziazio horretan jorratu beharreko gai batzuk zerrendatu ditu sindikatuak: “Enplegu egonkorra sortzea eta azpikontratazioaren aurkako borroka; antzinatasun handiena duten langileentzat errelebo belaunaldirako formulak bilatzea; lan-baldintzak hobetzea, besteak beste, bidaiak, baimenak eta lan-antolaketa bezalako arloetan; eta soldata-egokitzapena eta lanaldiaren murrizketarekin lotutako gaia”.
Zuzendaritzari eskatu dio “urrats esanguratsuak egiteko eta sektorearen eta enpresaren errealitatera egokitutako hitzarmen duin baterantz aurrera egiteko proposamen errealista bat aurkezteko”.












