Gaztaren Interpretazio Zentroak prest du Aste Santuko eskaintza
Bisita gidatuez gain, gazta dastaketa familian eta bestelako ekintzak antolatu dituzte.
Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroak prest du dagoeneko Aste Santuko eskaintza. Datorren igandean, martxoak 29, zabalduko da kanpaina eta apirilaren 12ra arte iraungo du. Tarte horretan egunero zabalduko ditu ateak, eta bisita gidatuak eskainiko ditu 11:15ean, 12:30ean, 16:00an eta 17:15ean. Igandeetan 11:15ean eta 12:30ean bakarrik. Erreserbak online egin daitezke Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroaren web gunean.
Bisita gidatuez gain, martxoaren 29an, gazta familian dastatzeko aukera eskainiko dute. Idiazabal gaztaren hainbat mota dastatu eta bakoitzari puntuazio bat emanez, zein duen gustukoena erabakiko du familia bakoitzak. Ekintza hau doakoa da baina aldez aurretik izena eman behar da info@idiazabalturismo.com helbidean edo 943 18 82 03 telefono zenbakira deituta.
Bestalde, herrian zehar bi bisita gidatu ere antolatu ditu aurten Gaztaren Interpretazio Zentroak. Apirilaren 7an, Xarma duen herria ibilaldia egingo dute, Idiazabalgo leku esanguratsuenak bisitatuz, eta apirilaren 9an, Donejakue bidea Idiazabalen barrena. Bi jarduera hauek 17:15an hasiko dira, Gaztaren Interpretazio Zentrotik abiatuta, eta doakoak izango dira. Izena emateko info@idiazabalturismo.com helbidera idatzi edo 943 18 82 03 telefono zenbakira deitu behar da.
Azkenik, apirilaren 4an, Idiazabal gaztaren ekoizpen prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo da herriko J. Aranburu gaztandegian. Erreserba egiteko, 649 65 59 63 telefono zenbakira deitu behar da.














