Goiturrek turismoaren promozioa eta lege berriak izan ditu hizpide
Udazken eta udaberrira begirako promozio kanpaina aurkeztu, eta lege aldaketek zein zerga turistikoak sortutako erronkak azpimarratu ditu.
Goiturreko ordezkariak, gaur goizeko prentsaurrekoan. Izaro Villarreal Goitur Goierriko Turismo Garapen Agentziak hitzordua finkatu du gaur turismoaren garapenarekin lotutako zenbait gai lantzeko. 2026rako prestatu duten promozio kanpaina aurkezteaz gain, turismo sektorean eragina izango duten zenbait lege, zirriborro eta aurreproiektuen berri eman dute. Agerraldian Goiturreko Adur Ezenarro presidenteak eta Niko Osinalde zuzendariak hartu dute parte.
Ekintza promozionalak
Turismoa sustatzeko eta eskualdera bisitari berriak erakartzeko helburuarekin, Goiturrek aurten ere promozio kanpaina sendoa abiarazi du, udaberri eta udazken sasoietan arreta jarrita. Kanpainaren ardatz nagusiak lau izango direla azaldu du Ezenarrok: turismo azoketan parte hartzea, mapa eta gida turistikoen eguneraketa, online zein offline promozioa, eta komertzializazioari lotutako hitzarmenak eta harremanak.
Ildo horretan, nazio mailako zein nazioarteko turismo azoketan “presentzia zuzena” mantenduko dutela azaldu du. Gainera, ohiko materialaz gain, QR kodeen bidez eskualdeko gida turistiko guztiak bateratuko dituen euskarri berri bat sortuko dute. Kirol ekitaldien babesa ere indartuko dute, eta aurten bederatzi proba lagunduko dituzte, besteak beste Zegama-Aizkorri bezalako mendi lasterketak, txirrindularitza probak zein orientazio probak.
Promozioak Goierritik kanpo ere izango du oihartzuna. Bizkaian telebista bidezko bi erreportaje eskainiko dituzte udazkenean, eta Kataluniako Mendi Federazioak argitaratzen duen Vertex aldizkarian Goierriko naturari buruzko erreportaje zabala argitaratuko da. Era berean, webgunearen posizionamendua hobetzen, argazki eta ikus-entzunezko materiala osatzen eta bestelako eduki turistikoak sortzen jarraituko dute.
Legeek turismoa eraginda
Bestalde, turismoarekin lotutako lege eta planen inguruan ere hitz egin dute. “Euskal Herriko turismoak momentu bereziki erabakigarria bizi du, eta bide horretan, baita Goierrikoak ere”, dio Osinaldek. Hain zuzen, gaur egun bi egitasmo nagusi daude mahai gainean: baliabide turistikoen lurralde plan sektoriala eta turismo lege berria.
Lehenengoak errekurtso turistikoekin erlazioa duten “elementu guztiak” biltzen ditu: turismo bulegoak, azpiegitura eta zerbitzu turistiko ezberdinak, mugikortasuna, gune turistiko urbanistikoak, lurzoru ez urbanizagarrien antolaketa, kanpinaren normatiba… 2026a amaitu aurretik onartzea aurreikusten da. Bigarrenak, berriz, turismo sektore osoa hartuko du bere baitan, gobernantza, promozioa eta lehiakortasuna barne, eta berrikuntza gisa adimen artifiziala ere jasoko du.
Zerga turistikoa
Zerga turistikoaren inguruko eztabaidak kezka sortu du sektorean eta horretaz ere jardun dira, izan ere, Goiturrek aurkeztutako alegazioak ia erabat baztertu dira. Osinalderen arabera, aurreproiektutik behin betiko testura egindako aldaketa esanguratsu bakarra nekazal turismoen tasaren jaitsiera txiki bat izan da. Orain, araua batzar orokorrera eramango da eta eztabaida politikoaren esku geratuko da; uda aurretik behin betiko araua onartzea aurreikusten da.
Egoera horrek “ziurgabetasuna eta kezka” eragin du Goierri mailan, batez ere udalerri bakoitzak irizpide ezberdinak aplikatzeko aukeragatik. Egoerari aterabide bat eman nahian, Goiturrek eskualdeko hemezortzi udalen arteko adostasuna bilatu nahi du, kategoria bereko alojamenduek zerga bera aplikatu dezaten, turismo eskaintza modu “koordinatu eta orekatuan” garatzeko helburuarekin.
Ziurtagiria lortzera bidean
Otsaila bukaeran Euskadi eta Espainia mailako plan pilotu bati hasieran eman zion Goiturrek: Helmuga Turistiko Adimenduna egitasmoa AENOR-ekin ziurtatzeko prozesua hasi zuten, eta ziurtagiri hori eskuratzeko bidean lanean hasi den aurreneko eskualdea dela azpimarratu dute.
Lehenengo urratsa egin dute; dagoeneko gainditu dute Estatu Idazkaritza Ministerioaren hasierako auditoria, nahiz eta Osinaldek ohartarazi duen prozesua “luzea eta zorrotza” dela, arauak jarduera guztiak “zehaztasunez” dokumentatzea eskatzen baitu.
Aurrera begira, egitasmoak jasotzen dituen bost arlo nagusietarako dokumentazioa biltzen lanean jarraituko dute: gobernantza, berrikuntza, teknologia, jasangarritasuna eta irisgarritasuna. Ondo bidean, azaroa inguruan pasako dute bi egun iraungo duen auditoria, eta hura gaindituz gero, urtarrilean jasoko lukete ziurtagiria.












