Lau Katurekin hitzarmena berritu du Beasaingo Udalak
HEI Harrapaketa, Esterilizazioa eta Itzulera metodoaren aplikazioa da programaren ardatz nagusia. Udalak lokal bat utziko dio elkarteari, materiala gorde eta antzutu berri diren katuak ebakuntzatik osatu daitezen.
Katu zaintzaile baimena, artxiboko irudian.Beasaingo Udala Beasaingo Udalak hitzarmena berritu du Lau Katu elkartearekin, katu kolonien kudeaketarako udal programa garatzeko. Azken urteetan “emaitza onak” eman dituen elkarlanari jarraipena emango diote.
Udalak jakitera eman duenez, hitzarmenaren berritzeak udalaren borondatea islatzen du: “Politika publiko arduratsuetan sakontzea, indarreko araudira egokituta, bereziki animalien babeserako Euskal Legea betez, eta aldi berean animalien ongizatea zein herritarren bizikidetza bermatuz”.
Programak katu kolonien kontrol eta zaintzarako jarduera esparru zehatza ezartzen du. Ardatz nagusia HEI Harrapaketa, Esterilizazioa eta Itzulera metodoaren aplikazioa da. “Metodo honek aukera ematen du katuen populazioa modu etikoan eta progresiboan murrizteko, animalien osasuna hobetuz eta ugalketa kontrolik gabea saihestuz”, azaldu du udalak.
Programa hori aurrera eramateko, udalak lokal bat utziko dio Lau Katu Beasain elkarteari, beharrezkoa den materiala gorde eta antzutu berri diren katuak ebakuntzatik osatu daitezen. Juan XXIII kalean dago lokala, 4-6 zenbakiko beheko solairuan.
Baimen sistema
Baimendutako pertsonek bakarrik eman diezaiekete janaria katuei, aurrez zehaztutako lekuetan, “pentsu egokia erabiliz eta ingurunea garbi utziz”. Albaitaritza arreta osoa ere jasotzen du programak: esterilizazioa, mikrotxip bidezko identifikazioa, txertaketa, desparasitazioa eta markaketa. Kasu bereziak ere lantzen dira, hala nola gaixo dauden katuak edo adoptatzeko modukoak direnak.
Informazio eta heziketa ekintzak ere jasotzen ditu lanketak, eta azpimarra berezia egiten du landa eremuetako kolonietan: “Landa eremuetan katuen hazkuntza kontrolik gabea saihestearen garrantzia, araudiak debekatzen duen praktika baita eta kontrolik gabeko koloniak ugaritzea eragiten duena”.
Programan parte hartu nahi dutenek edo kudeatu gabeko katu koloniak daudela jakinarazi nahi dutenek udalarekin edo Lau Katurekin jarri behar dira harremanetan.












