Mailari eusteko azken ahaleginak, eta Etxeberria eta Oiarbideri omenaldia
Julen Etxeberria eta Dino Oiarbideri urrezko intsigniak emango dizkie Beasain Kirol Elkarteak larunbatean, Loinatz futbol zelaian. Omenaldiaren ondoren, aurkari zuzena den Mutilveraren aurka jokatuko du taldeak, Bigarren Federazio mailari eusteko ahaleginean.
Beasainek maila igoera lortu zuen partidako irudia, 2025eko ekainean.Martxel Pita Beasain Kirol Elkarteak hitzordu bikoitza du larunbat arratsaldean, martxoaren 28an, Beasainen bertan. Batetik, klubeko bi kide omenduko ditu; eta bestetik, partida garrantzitsua jokatuko du lehen taldeak mailari eusteko helburuarekin.
16:30ean hasiko da aurkari zuzena den Mutilveraren aurkako partida. Bigarren Federazio mailako bigarren multzoan daude; hemezortzi taldetatik, 16. postuan dago Beasain 28 punturekin, eta 15. postuan Mutilvera 29 punturekin. “Final” baten moduan planteatu du klubak larunbateko partida, azkeneko bost taldeak zuzenean jaitsiko baitira Hirugarren Federazio mailara. “Garaipena lortuz gero, bagoilariek nafarrak gaindituko lituzkete sailkapenean, helbururantz pauso erraldoia emanez”, azaldu du klubak. Mailari eusteko azken postuetan Baskonia eta Ejea daude, 12. postuan 33 punturekin eta 13. postuan 30 punturekin, hurrenez hurren.
Partida hasi aurretik, Julen Etxeberria eta Dino Oiarbide omenduko ditu Beasain Kirol Elkarteak. Urrezko intsigniak banatuko dizkie. Etxeberria lehen taldean hamar denboraldi osatu dituen jokalari beasaindarra da. Elkartearen hitzetan, “txikitatik klubean hazi eta hezitakoa, etxeko jokalarien eta fidelitatearen eredua da”. Bernardino Dino Oiarbide, berriz, zuzendaritza taldeko kidea da, eta “urtez luzez klubari eskainitako lan isil, eskerga eta leialtasunagatik jasoko du aitortza”.
Klubak dei berezia egin die zale guztiei Loinatz futbol zelaira hurbildu daitezen: “Taldeak inoiz baino gehiago beharko baitu ’12. jokalariaren’ bultzada larunbateko deialdi erabakigarrian”.












