«Onenekin maila ona emateak jarraitzera motibatzen nau»
Jon Ander Albisu ataundarrak Binakako Pilota Txapelketako finala jokatuko du Iruñeko Nafarroa Arenan, igandean, martxoaren 29an, Unai Laso bikote duela. Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia dituzte aurkari.
Jon Ander Albisu pilotari ataundarra. Hitza Jon Ander Albisuk (Ataun, 1990) Unai Lasorekin Binakako Pilota Txapelketako finala jokatuko du igandean, Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan.Altuna III.a- Ezkurdia bikotea aurkari izango dute. Laso-Albisu bikoteak Elordi-Zabaletari 22-21 irabazi zion finalerdietako norgehiagoka.
Txapelketan zehar zer sentsazio izan dituzu?
Txapelketa guztia ondo joan zaigu. Unai [Laso] lesio larri batetik zetorren, bi partida jokatuta. Horrek zalantzak sortzen zizkigun emango zuen mailaren inguruan. Ikusi da, ordea, lehen baino indartsuago itzuli dela, izugarrizko indarra duela eta txapelketa ona egin duela.
Nire aldetik oso fin sentitu naiz pilotan. Egia da, finalaurrekoetako bigarren partida eskutik nahiko larri amaitu nuela. Eta, hurrengo astea nahiko zaila izan bazen ere, eskua sendatzea lortu nuen. Aurreko partidarako minik ez neukan eta ongi etorri zitzaigun. Emaitza onek beti laguntzen dute egunerokotasuna beste lasaitasun batekin pasatzen. Egindako lanaren fruitua da hau.
Unai Laso duzu bikote. Zer ematen dizu?
Biok oso ongi moldatzen gara, kantxa barruan eta kanpoan. Kantxatik kanpo harreman ona badaukazu, ondoren frontoian ere nabaritu egiten da. Momenturo dakit zer egingo duen, ondorioz nik ere badakit zer egin behar dudan.
«Emaitza onek beti laguntzen dute egunerokotasuna beste lasaitasun batekin pasatzen»
Lasaitasun handia ematen dit kantxan, asko laguntzen didalako pilota txarrak kentzen. Kale batzuk egin eta jaisten hasten banaiz Unai hor egoten da animatzeko. Tantoz tanto jarraitzera behartuz. Oso ondo ulertzen gara eta horren emaitza kantxan ikusgai da.
Altuna III.a-Ezkurdia izango dituzue aurkari finalean igandean Nafarroa Arenan. Bikote horretaz zer uste duzu?
Txapelketako azken txanpa honetan maila handia erakutsi dute. Indibidualki esperientzia handiko pilotariak dira, eta biak elkarrekin are eta arriskutsuagoak dira. Txapelketa maldan gora jarri zitzaien, baina jakin izan dute egoera horri buelta ematen. Bikote aurkaria deseroso egotea ahalegintzen dira, norgehiagokaren erritmoa azkartuz. Jartzen duten erritmo hori jarraitzea zaila izaten da. Horregatik, bien artean distantzia handia jartzen saiatuko gara. Joseba [Ezkurdia] atzean mantentzea eta Jokin [Altuna] jokoan gutxi sartzea izango da partidaren gakoa, Jokin jokoan sartzen denean izugarrizko arriskua daukalako.
Nola ari zara finala prestatzen?
Prestakuntza aldetik beste partidetarako bezala entrenatzen ari naiz, ezer aldatu gabe. Badakigu final bat dela eta urduritasun puntu bat badaukat, baina entrenatzeko modua aldatzen hasten bazara orain, kaltegarria izan liteke. Fisiko aldetik normal entrenatzen ari naiz. Pilota burutik kentzen eta ingurukoekin denbora pasatzen ere ahalegintzen naiz. Bi alaba ditut eta beraiek laguntzen didate horretan. Normaltasun osoz eramaten saiatzen ari naiz bi aste hauek.
«Duela 13 urteko finaleko Jon Ander eta oraingoa oso ezberdinak dira»
Zure lehen finala Berasaluzerekin izan zen duela 13 urte. Nola aldatu zara ordutik hona?
Lehen final hartako Jon Ander eta oraingoa oso ezberdinak dira, kantxa barruan eta kanpoan. Lehen momenturo pilota neukan buruan, denborarekin hori kudeatzen ikasi dut. Jokoari dagokionez, orain, hobeto aukeratzen dut nola jokatu aurrean dudanaren arabera. Finalean egoteak ilusioa egiten dit eta aurrera jarraitzeko motibatzen nau, onenen artean maila ona ematen ari naizela ikusten dudalako.
Aurreko partidako ika-mikaren inguruan zer iritzi duzu?
Lau pilotariok maila bikaina eman genuen, eta ondorengo ika-mikaren ondorioz partida gutxietsi egin dela uste dut. Nik Unai atzeko epaileari aldageletara sartzeko baimena eskatzen ikusi nuen, aurreko epaileak ez zekien ordea. Beraien artean gaizki-ulertua egon zen. Dena den, ni guk egindako partida onarekin gelditzen naiz: eskuko minez pasa nuen astearen ondoren atera genuen partidaz, harro.
Albisuren finalera joateko autobusa antolatu du Ataungo Udalak
Autobusa antolatu du Ataungo Udalak, igandean, Iruñera joateko, Jon Ander Albisu ataundar pilotariaren bikotekako txapelketako finala ikustera. Autobuseko txartelak 7 euro balio du, eta astelehenetik daude salgai. Gaur eta bihar, 09:00etatik 14:00etara, udaletxean egongo da txartelak eskuratzeko aukera. Txartelarekin edo diruz ordaintzeko aukera dago, baina udalak eskatu du diru juxtua eramateko. Geltokiak eta ordutegiak ostiralean jakinaraziko dituzte. Pilota jaialdirako sarrera guztiak agortuta daude.












