II. Gazte Festak Zerainen
Zeraingo Gazte Taldeak antolatuta egingo dute jaia larunbatean. Idiazabal, Segura, Zegama eta Zerainek herri kirol desafioa egingo dute.
Zeraingo gazte taldea, Andra Mari jaiei hasiera eman zien pregoia irakurtzen, 2024an. Tere Madinabeitia Iazko arrakasta errepikatu asmoz, bigarrengoz antolatu ditu Gazte Festak Zeraingo Gazte Taldeak, larunbaterako. Egun betea izango da, herriko gazteen jaiak Korrikaren 24. edizioarekin bat egingo baitu etzi. 9:30 inguruan espero dute Korrika Zerainen eta eguerdiko etenaren ondoren, Gazte Festen 2. edizioarekin emango diote jarraipena egunari.
Herri kirol txapelketak, sagardo dastaketak eta kontzertuek osatuko dute egitaraua. Zeraingo frontoian 18:00etan emango diote hasiera Idiazabal, Segura, Zegama eta Zerainen arteko herri kirol desafioari; «iaz ere Izalek eta Segurak hartu zuten parte eta aurten erę prest agertu dira lehenengo momentutik», kontatu du Oihane Lazkanoiturburu Zeraingo Gazte Taldeko kideak. Iaz Zegama desafiora batzeko ahaleginak antzuak izan ziren, baina aurten lortu dute taldea osatzea.
Zortzi joko eta finala
Trontzan, ingudean, oskol biltzen, zakuan, korrika, txingetan eta harri jasotzen neurtuko diuzte indarrak. Talde bakoitzeko 8 lagunek hartuko dute parte eta bi finalaurreko eta finala jokatuko dira. Jendea espero dute, «iaz baino gehiago espero dugu herri bat gehiago izanda. Gainera hemen, herri arteko pike horrek jendea mugitzen du», dio.
Frontoia izango da Gazte Festaren epizentroa, eta kontzertuetarko oholtza eta barra ere jarriko dituzte Berta, besteak beste. Sagardo dastaketa ere leku berean egingo da, 19:00etatik aurrera: «Bost sagardo ezberdin izango dira aukeran. Goierritik Oihartekoa bertakoa noski, eta Ataungo Urbitartekoa eta Astigarragakoak izango dira besteak», zehaztu du Lazkanoiturburuk . Iaz bezala, Mandion eta Ostatun ogitartekoak afalatzeko aukera izango da eta 22:30ean, Irten Bide eta Muxutruk taldeen kontzertuak izango dira. Gaua luzatu nahi dutenentzat, Liztormendi elkartea irekiko dute, behin kontzertuak amaituta.












