Alkateak eta bi zinegotzik kargua utzita, Gaintzako Udala desegin da
Otsailaren 25ko osoko bilkuran, lau kidetatik hiruk dimititu zuten. Aldundiak Batzorde Kudeatzailea eratzeko prozesua hasi du.
2023ko ekainean Gaintzako Udalbatza osatu zuten bost kideak. Hitza Otsailaren 23ko Gaintzako Udaleko osoko bilkuran, udal korporazioa osatzen zuten lau kideetatik hiruk uko egin zieten euren karguei; alkateak eta bi zinegotzik. 2025eko uztaileko osoko bilkuran beste zinegotzi batek ere kargua utzia zuenez, zinegotzi bakarrarekin gelditu zen udal korporazioa.
Kargua utzi duen Jon Gorrotxategi alkate ohiaren esanetan, egoera horren aurrean, «foru aldundiari komunikatu zitzaion egoera, udala deseginda geratu zelako. Ondorioz, gestora bat izendatzeko prozesua ireki zuen aldundiak».
Batzorde kudeatzailea
Hauteskunde-araubide Orokorrari jarraituz, 250 biztanletik beherako udalerrietan, korporazioko kideen izatezko kopurua legezko kopuruaren erdia baino txikiagoa denean, batzorde kudeatzaile bat eratu beharko da, karguan jarraitzen duten kideek eta herrialdeko diputazioak izendatutako beste pertsona batzuek osatuta.
Gipuzkoako Foru Aldundiak martxoaren 20ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu du Gaintzan eratu beharreko batzorde kudeatzaileko kideak izendatzeko deialdi publikoa. Besteak beste, adinez nagusi izatea, udalerrian behar adina errotuta egotea, eta 2023ko maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan aurkeztu zen zerrendako hautagai edo karguari uko egindako ez izatea dira baldintzak.
Gorrotxategik aurreratu duenez, «bilera pare bat egin dira herrian. Eta nik dakidan arte, ez dakit dagoeneko ofiziala den ala ez, baina gestora horretarako bost herritar badaude. Horrekin suposatzen da, hasiko dela udalaren funtzionamendua, normaltasun batez».
Kasu horretan, lau herritarrek eta dimititu gabe geratu den zinegotziak [Uxue Irastorza] «agintaldiaren amaierara arte jarraituko dute, eta aurreko korporazioak zeukan konpetentzia maila berdina izango dute».
Dimisioaren arrazoiak
Dimisioaren arrazoiez galdetuta, «nik nirea eman dezaket», dio Gorrotxategik: «Duela urtebetetik, lau pertsonako talde bat izan da egoera hau behartzen aritu dena. Gainera, horrela esan da. Ez dakigu zein desadostasun tarteko, ez inork ez du arrazoi bat adierazi. Nire ustez ezikusi pertsonalak edozein arrazoien gainetik jarri dira. Baina bistan dena da, eta beraiek esan dutena izan da, nahi zutela udala desegin eta gestora bat izendatzea. Helburu horrekin egon da talde bat, herrian egon diren dinamiketan hori eragiten, eta azkenean lortu dute».












