Azintzio jaietako mozorro egunerako gaiaren bozketa, martxan
Legorretarrek martxoaren 31ra arte dute jaietako mozorro eguneko gaia bozkatzeko epea. Online galdetegia beteta edo jubilatuen tabernara joanda eman daiteke bozka.
Legorretarrek Azintzio jaien testuinguruan herria kolorez janzten duen mozorro eguna ospatzen dute urtero, eta aurtengoan ere, larunbatarekin batera ospatuko da. Gainera, bi urtez behin gai zehatz bat aukeratzen dute herritar guztiak gai horren inguruan mozorrotu daitezen.
Jai Batzordeak, ohi bezala, herritarrekin batera hartu nahi du erabakia, eta lau aukera proposatu dituzte bozketa ireki baten bidez behin-betiko gaia aukeratzeko.
Bada, martxan da gai hori erabakitzeko bozketa, eta martxoaren 31ko 12:00ak arte egongo da horretarako aukera. Euskal Herriko kultura kirola eta ondarea, Legorreta, Kultura eta Oroitzapenak dira proposatutako gaiak.
Herritarrek euren bozka emateko bi bide izango dituzte: online bidezkoa, web orrian eskegitako galdetegia beteta, eta presentzialki, jubilatuen tabernan jarri den hautetsontzian botoa emanda. Gainera, bozkatzen duten herritarren artean gazta bat zozketatuko da.












