«Bizi izan naizen lekuetan euskaraz bizi dira, nik ere euskaraz bizi nahi dut edo saiatzen naiz bizitzen»
Leioan jaioa, eskola publikoan D ereduan ikasi zuen Chabeli Sierrak. Eskolan euskaraz egiten zuen, baina hortik kanpora ez zuen erabiltzen. 20 urterekin Donostiara joan zen ikastera, eta “bizitzako kontuak direla-eta”, han gelditu zen; aurrena Donostian, gero Zizurkilen, ondoren Tolosan, eta gaur egun Zaldibian bizi da. Aurten hasi da euskaltegian. “Euskararekiko lotura gero eta handiagoa izan da. Bizi izan naizen lekuetan euskaraz bizi dira, nik ere euskaraz bizi nahi dut edo saiatzen naiz bizitzen”. Hiru seme-alaba ditu eta haien lehen hizkuntza euskara da: “Ni saiatzen naiz egiten eta euskaraz bizitzen. Hori da nire nahia edo motibazioa”.
Izena eman zuen AEK-n, “pentsatu gabe baina gogorik gabe”, ikasketa prozesua luzea delako. Dena dela, “sorpresa” izan da horren gustura egotea azkenean. “Ez nuen batere gogorik, baina zerbait piztu zen eta nahi nuen. Sorpresa izan da ze oso gustura nago, ikaskideekin, irakaslearekin… hautu pertsonala izan zen, hasieran gogorik gabe, baina ondo atera zait”.
Eskolaz kanpoko ekintzetan ere parte hartzen du, eta bere esanetan, “oso aberatsak” dira esperientzia horiek: “Bi kultur ekintza egin ditugu euskaltegitik, Zeraingo meategira eta Seguran San Blas opilak egiten ikastera. Maila ezberdinetako ikasleak nahasten gara, beste irakasleak ezagutzen ditugu eta komunitatea egiten da azkenean”.
Korrika Txikian parte hartutakoa da, baina lehenengo aldiz parte hartuko du Korrikan. Larunbatean, Ordizian egingo du bat euskararen aldeko martxarekin: “Familia guztia joango gara”.













