Errenta Aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute
Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako udalek Errenta Aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi dute Lazkaoko udaleko areto nagusian, gaur, 11:00etan. UEMAK ere bertako kide diren udalei eta eragileei ere deia luzatu die.
Ezkerretik Leire Artola, Kepa Zubiarrain eta Adur Ezenarro. Beasain, Lazkao eta Ordiziko alkateak.Manex Usarralde Hamaseigarren urtez jarraian Errenta Aitorpena euskaraz egitera animatzeko kanpaina abiarazi dute Beasain, Ordizia eta Lazkaoko Udalek. Leire Artola Beasaingo alkateak administrazioetan ere euskararen erabilera indartzeko duten konpromisoa berretsi du.
Kepa Zubiarrain, Lazkaoko alkateak adierazi du kanpainak “euskararen erabilera” sustatzeko eta herritarrak “Errenta Aitorpena” euskaraz egitera animatzeko helburua duela, eta emaitza oso positiboak eman dituela gaineratu du Lazkaoko alkateak. Kanpaina hori Korrikarekin ere lotu du: “Euskaraz ari garen honetan, asteburuan gure kaleak zeharkatuko dituen Korrikan parte hartzera animatzen zaituztegu”.
Adur Ezenarro Ordiziako alkatea gauza teknikoetarako edota administrazioarekin harremanetarako euskara alboratzen dutenei zuzendu zaie: “Gaur egungo teknologiak horrelako gestioak modu errazean egitea ahalbidetzen du”.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere Errenta Aitorpena Euskaraz egitera animatu ditu bertako kide diren udalerri eta eragileak. UEMAren arabera lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera datak, webguneak, telefonoak eta gainerakoak aldatzen diren arren, moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta gehitu du euskararen aldeko hautua egitea dela aurten ere kanpainaren helburua.
Aitorpenak nola egin
Errenta Aitorpena egiteko hiru modu daude, eta denetan euskaraz egiteko aukera dagoela azaldu du Beasaingo alkateak: “Lehena, autolikidazio proposamena onartzea da, eta euskaraz egin nahi bada Ogasunarekin hartu-eman guztiak hizkuntza horretan izatea eskatzeko aukera dago. Bigarrenik, Zergabidea webgunearen bitartez aitorpena egiteko aukera da, eta modu horretan euskaraz egiteko aukeran sakatzea besterik ez dute egin beharko. Azkenik, aitorpena egiteko modu mekanizatua dago, hor, hitzorduak euskaraz hartzeko aukeratu dago”.
Ezenarrok zehaztu du autolikidazio proposamenak onartzeko eta Zergabidea atariaren bidez aitorpenak aurkezteko epea apirilaren 7tik uztailaren 2ra izango dela. Eta, errenta mekanizaturako hitzordua eskatzeko epea apirilaren 13tik ekainaren 8ra.












