«'Euskaraz egin ezazu' esaten da askotan, eta bidea gehiago da norberak egin eta besteak etorri daitezela. Korrika hori da»
Kilometro mordo bat egiten ditu Asier Auzmendi urretxuarrak Korrikan. Aurten ere, hala egingo du. Ez daki zenbat, “sartu bai baina ateratzea kosta” egiten baitzaio sarritan. “Badauka emozio puntu hori; sartzen zara eta gorputzak irauten dizun bitartean jarraitzen duzu”. Herriguneetatik baino, nahiago du “bereziak diren bide horietatik” joatea: “Herri txikien arteko portu horietatik joatea ederra da”. Badauka ahaztuko ez duen oroitzapen bat: “Duela 4 urte elurretan gindoazen Udanako portuan gora, eta momentu zoragarria izan zen; goizaldeko 02:00 aldera, zuritzen hasi zen eta momentu hori da ahazten ez den horietakoa”.
Urolako Trena maratoiaren sortzaileetako bat da Auzmendi. Ondo daki herrigintzaren alde lan egiten dutenen ekarpenari esker gauzatzen direla askotan horrelakoak, eta balioa eman nahi izan die mahai inguruan: “Boluntariorik gabe ez dago ekimenik”.
Transmisioaren eta euskaraz bizitzearen aldeko hautua argi dauka. Euskaraz egin, ondokoak ere egin dezan: “Euskaraz egin ezazu esaten da askotan, eta bidea gehiago da norberak egin eta besteak etorri daitezela. Korrika hori da; badago furgoneta bat musikarekin… eta jendea gerturatzen da. Aitzakia batekin eta toki horretan bada ere, euskaraz aritzen da jendea”.
Gurasoa da, baita Zerki kirol eta aisialdi enpresako kidea ere. Korrikaren ondoren eragiten jarraitzeko, kalean euskaraz bizitzen eta ekintzak euskaraz antolatzen segituko duela azaldu du: “Hori egiten duzun momentuan, aukera ematen diezu umeei egiteko. Pantailan sartuta bizi den gizarte bat gara, euskararen presentzia minimoa da pantailen munduan, eta kaleko ekintzak euskaraz antolatzeak asko laguntzen du”.













