Gipuzkoako Birako azkena
Zegamako Amezti mendi elkarteko kideek larunbat honetan amaituko dute ‘Gipuzkoako Bira’ proiektua.
Hondarribi eta Pasaia arteko Talia ibilbidea, 1.etapa; 2017ko irailean. Amezti Ia 9 urte igaro dira Zegamako Amezti mendi elkarteko kideek Gipuzkoako Bira proiektuari hasiera eman ziotela. Hondarribian hasita, 15 etapatan Gipuzkoa osoari, mendiz mendi, bira ematea izan da erronka eta amaitzekotan dira. Eguraldiak laguntzen badie, larunbat honetan egingo dute azkena, hasierako puntura eramango diena, hain zuzen. Ondoren, Hondarribian bertan egingo duten bazkari batekin borobilduko dute 2017ko irailean hasi zuten abentura.
Hondarribian hasi eta Talia izeneko bidetik Pasaiara arteko etapa izan zen lehendabizikoa. Asier Berasategi Amezti mendi elkarteko kideak kontatu duenez, taldeko kide batek eman zien ideia: «aurretik, Orhitik Itsasora izeneko beste proiektu bat egina genuen; antzekoa, baina etapa gutxiagorekin. Orhi mendian hasi eta 8 bat etapatan itsasoraino iritsi ginen mendiz mendi. Hura ere Hondarribian amaitu genuen eta han, Gipuzkoako Biraz hitz egin zigun taldekide batek. Gustatu egin zitzaigun eta aukera polita izan zitekeela pentsatu genuen», kontatu du. 14 etapa eta 280bat kilometro oinetan metatu ondoren, amaitzear dira balentria. «Urteko etapa bat egiten hasi ginen, baina 15 urtek luze joko zutela ikusita tarteka, urtean bi egitea erabaki genuen. Gora beherak izan ditugu, eguraldiak baldintzatuta batzuk eta amaiera atzeratu egin zaigu, iaz bukatzekoak baikinen», gehitu du.
Eguraldiaren zain
Zeruari begira daude orain, larunbatean proiektuaren itxiera erdizka geldituko zaien beldur: «Eguraldiaren aurreikuspena txarra da momentuz, baina bazkaltzeko lekua hartuta daukagu eta Hondarribira joan beharra daukagu bai ala bai», dio Berasategik. Azkeneko etapa egin eta ondoren, bazkaritara biltzea litzateke egokiena baina oraindik ez daukate ezer erabakita, «bada ezpada B plana egin dugu. Etapa egiterik ez badaukagu Hondarribitik Hendaia aldera bueltatxoren bat emango dugu bazkal aurretik, eta aurrerago egiten saiatuko gara, baina arantzatxoa geratuko zaigu hala bada», dio. Aritxulegin (Oiartzun) hasita, Aaiako Harrien magaletik igarota Behobiatik Hondarribiara arteko ibilbidea da egiteko falta dutena, 16 kilometrokoa.
Hasierako lau etapak kostaldekoak izan ziren Hondarribi, Pasaia, Orio, Zumaia eta Mutriku inguruetan. Handik, Gipuzkoa barnealdera jo zuten makina bat herri eta tokitatik pasatuz: Eibar, Arrasate (Gesalibar auzoa), Leintz Gatzaga, Arantzazu, Otzaurte, Lizarrusti, Bedaio, Berastegi edo Hernani (Ugaldetxo auzoa), tartean. Batez beste, 8-10 bat laguneko taldeak hartu du parte etapa bakoizeko, nahi baina gutxiago: «Ez dugu jendea mendi irteeretara erakartzea lortzen», kexu da Berasategi. Mendira joateko ohiturak aldatu egin dira eta orain, jendeak mendira «bere kasa» joateko ohitura handiago duela uste du Berasategik
Momentuz, azkenak
Baina ez da Gipuzkoako Birarena Ameztikoek esku artean daukaten proiektu bakarra. Batera egiten aritu dira Urmuga edo Euskal Herriko uraren banalerroa izeneko beste proiektu bat ere, «ia paraleloan egin ditugu biak eta hori ere aurten amaituko dugu, azkeneko etapa falta zaigu», azaldu du. GR-12 natur ibilbidean zehar egin dituzte irteera ezberdinak, Euskal Herrian barrena. Momentuz, hauek izango dira azkeneko proiektu luzeak, ez baitaukate gisako proiekturik pentsatuta epe motzean.

Hernaniko Ugaldetxo auzotik Aritxulegira irteera, 14. etapa; 2025eko urrian. AMEZTI











