«Inurri lanari esker ateratzen da dena aurrera, hori guztia gabe ez litzateke posible izango»
Goierri beheko Korrika arduraduna da Nekane Munduate AEK-ko irakasle ataundarra. 17. Korrika koordinatu zuen Munduatek, eta aurtengoan ere “indarra” bazuela-eta, ardura horri heldu dio berriz, 24. edizioan. Lan karga baduen arren, “talde lana” dela nabarmendu du: “Batzorde asko ditugu, inurri lan horri esker ateratzen da dena aurrera. Hori guztia gabe ez litzateke posible izango”. Goierrira badator jada, larunbatean, eta “geroz eta urduriago” nabari du bere burua: “Denok bezala, besteen emozioak ere xurgatzen, eta pozarekin”.
Baina Korrika ez da hilabete batzuetako lana, “antolakuntzak ia etenik ez” baitauka. “Bukatu orduko balorazioa egin, gero hausnarketa, eta poliki-poliki hurrengo ediziorako ibilbidea trazatzen hastea, leloa zein izan daitekeen pentsatzea… Zirriborro hori iruditegi bihurtzen eta… bi urteko lana da”.
Euskara “lehen planora ekarri” nahi izan du AEK-k Euskara gara 24. edizioko leloarekin: “Azken edizioetan euskara hitza ez genuen ekartzen, baina bada momentua euskarak bere unea izateko. Gara horrek kolektiboa esan nahi du, komunitatea. Eta komunitate horretan denok dugu lekua, euskararen babesa eta beharra, eta hori guztia dago lelo horretan”.
Auzolanak gaur egun oraindik “indarra baduela” azpimarratu du Munduatek, “beharrak” egiten baitu auzolana haren esanetan, “eta euskararen inguruan are gehiago”: “Hizkuntza minorizatua, hiztunak ere minorizatuak dira eta batzea besterik ez daukagu aurrera egin nahi badugu. Euskal Herria daukagu, helburua da Euskal Herrian euskaraz eroso bizitzea eta elkarlan horren beharra dugu tira egiteko eta Euskal Herria euskalduntzeko”.
Euskal Herriko beste geografia batzuk begiratuz gero, euskal hiztunek arnasgunea izan dezakete Goierrin. Ados agertu da horrekin, baina “ezagutzatik erabilerara saltoa” dagoela gogora ekarri du mahai inguruan hausnarketa horren aurrean: “Ez dut uste berdean jarraitu behar dugunik, koloreak hemen asko aldatu dira. Uste dut ezin dugula esan Goierrin gaude eta eginda dago, hori ez delako errealitatea, eta euskarak beharrak baditu hemen ere”.
Korrika jendaurrean amaitzen denean, transmisioarekin jarraitzeko beharraz mintzatu da, “pizkundearen parte horrekin norbanakotik” ere jarraitzeko aldarrikatuta: “Ahala daukagu eta guk egin behar dugu, eta eransten diren horiek, euskara ikasten ari direnek eta horiek guztiek. Zoragarria da euskalduntze prozesua ikustea, oso polita da hori”. Pizkunde bat eragiteko, jabetzea eta antolakuntza jarri ditu mahai gainean: “Norbanako ahalduntze hori batetik, eta antolakuntza bestetik, aisialdia dela, eragileak direla… hori guztia da, motor horiek martxan jarri behar dira”.
AEK-k Euskal Herri osoan euskaraz eroso bizitzeko helburua lortzeko lan egiten du, baina euskara ez da ofiziala Euskal Herri osoan. Ausardi politikoaren beharrean egin du azpimarra: “Larrialdi linguistikoan gaude eta zonifikazioa mahaira ekarri behar da. Ezagutza bermatu egin behar da, unibertsala izatera pasa behar da, gero erabilera etorriko da, baina ezagutzarekin bideak irekiko dira”.













