Liburuak oparituko ditu Legorretako liburutegiak
Haur Literaturaren Nazioarteko Egunaren harira martxan jarriko duten dinamika izango da.
Legorretako Udal Liburutegiak modu berezian ospatuko du aurten Haur Literaturaren Nazioarteko Eguna, datorren apirilaren 2an. Hala, atzo hasita, datorren asteazkenera bitartean, liburutegira joaten diren 0 eta 4 urte bitarteko haurrek liburu bat jaso ahal izango dute opari gisa (ale mugatuak egongo dira).
Aste santuko oporraldia izango dela eta, ordutegi berezia izango du datorren astean ere -martxoak 30 eta apirilak 1- liburutegiak. Apirilaren 2tik 10era, berriz, itxita egongo da. Opor egun horietarako udalak jakinarazi du erabiltzaile bakoitzak bost liburu eraman ahal izango dituela, hiru libururen ordez.












