«Orain arte egiten ari garena eusteko balio du, baina eraikitzeko ez du balio»
Errigora da 24. Korrikaren omendua. Xabier Albizu segurarra auzolan ekimen horretako kide da. “Sorpresaz” jasoa, “asko poztu” dira omenduak direla jakitean. “Adierazten duelako lan bat egin dela eta lan horren inguruan herri bat egiten ari garela, Hegoaldea Iparraldera begira jarri dugula eta gu Hegoaldera begira jarri garela, eta horrek animo berezi bat ematen du”.
Xiberutikan Mendebaldera Pello Reparazek egindako 24. Korrikaren abestian aipatzen da: Errigoraren auzolan eredua, eskutik eskura, hori ere bagara. “Auzolan total bat da”, dio Albizuk. Hasieratik dira bera eta Segurako gainontzeko kideak Errigoraren parte. “Zoro batzuk bueltaka dabiltza, bilera gora, bilera behera…” gogoratu du: “Lehenengo aldia kuriosoa izan zen, arrai kaxatan banatu genuen herriz herri”.
Errigorak “Euskal Herriaren ikuspegi bat azaltzen du” haren ustez, eta “subkontzientean Euskal Herriaren alde” egiten jartzen ditu partaide eta eskatzaile guztiak, euskara, elikadura burujabetza eta auzolanaren bitartez. Auzolanak indarra galdu ote duen galdeginda, “gazteen defendatzaile” dela azaldu du: “Badago topiko bat gazteen inguruan, eta nik galdera egiten dut: 17 urte nituenean konparatu eta ni ez naiz hori baino hobea, seguru ez naizela hobea. Nolabait liberatzen gara esanez lehengoa hobea zela, horrek ez du balio. Gaur egungo gazteak ere pertsonak dira eta gauzak ondo azalduz gero parte hartzen dute. Amesten dugu ideala den zerbaitekin… nik horrela ikusten dut”.
Euskaraz bizitzeko eta euskarari heltzeko aldarria bota du, Iparraldean nahiz Hegoaldean: “Erdalduna dagoen bitartean egiten dugu haiengana jo, gaitz hori epidemi bihurtu da eta hor gaude, gerra horretan”. Eragiteko eta eraikitzeko, orain artekoa ez da nahikoa bere iritziz: “Orain arte egiten ari garena eusteko balio du, baina eraikitzeko ez du balio. Salto kualitatibo handia eman behar dugu, Iparraldean eta Hegoaldean”.
Korrikari lotutako oroitzapenak baditu. Seguratik pasatu zenekoa kontatu du: “Gauez pasatu zen, argi zuziak banatu genituen, eta Segurako elizako dorretik ikusten zen argia… Magikoa zen, irudi hori badaukat zeozer berezia bezala”.













