Ahozkotasunaren Gala Nagusia Ordizian
XIV. Ipuin Narrazio Lehiaketaren finala ere jokatuko da. Ez da goierritarrik izango.
Axun Gereika, Asier Zubia eta Enara Arregi dira finalistak.Hitza Otsailaren erdialdean abiatu zen Ahoz Aho jaialdiaren hemeretzigarren edizioa azken txanpan sartu da. Ia bi hilabetez luzatu den egitarau oparoaren ondoren, azken ekitaldi handiak baino ez dira falta. Beste urte batez, Ordizia eta Tolosa izan dira jaialdiaren ardatz nagusiak, baina aurten beste herri batzuk ere gehitu dira tropelera, hala nola Ataun eta Zerain.
May Gorostiaga ekimenaren antolatzailearen arabera, oraindik zenbait arlotan hobetzeko tartea badagoen arren, «oso gustura eta asebeteta» amaituko dute aurtengo edizioa.
Agurra egin aurretik, ordea, bi hitzordu nagusi geratzen dira: gaur, Ordizian, Ahozkotasunaren Gala egingo da; bihar, berriz, Tolosan izango dira Euskal Narratzaileen Topaketa eta Urrezko Kalabaza Sariak.
Goierritarrik ez
Ordizian, gala 19:00etan hasiko da, D’Elikatuzen. Ekitaldiaren barruan jokatuko da XIV. Ipuin Narrazio Lehiaketaren finala ere, eta Iñaki Carretero narratzaileak aurkeztuko du ekitaldia, azken urteetan ohikoa bihurtu den moduan.
Aurtengo finalean ez da goierritarrik izango, nahiz eta lehen fasean «maila handia» erakutsi zuten Legorretako Xabin Fernandez eta Ataungo Urtzi Gorostiaga lehiakideek. Finalean ariko direnak, ordea, honako hauek dira: Asier Zubia aretxabaletarra, Axun Gereika aguraindarra eta Enara Arregi oiartzuarra. Kalabaza izango dute jokoan.
Gala osatzeko, Aldo Mendez eta Eneko Haritza ipuin kontalariak ere ariko dira. Mendez kubatarra da, eta «punta-puntako artista» gisa aurkeztu du Gorostiagak; Radio Rebelde musikatuko du. Haritza, berriz, Hondarribikoa da, eta bere onena emango du oholtzan.
Jarraitzeko gogoz
Antolatzaileen arabera, aurtengo edizioak «maila handia» izan du: besteen artean, publikoaren erantzuna, artisten kalitatea, antolakuntza eta herrien arteko elkarlana nabarmendu dituzte beste behin ere. Zentzu horretan, etorkizunera begira, ekimenarekin jarraitzeko «gogoz eta ilusioz» daudela adierazi dute, eta eskerrak eman dizkiete proiektuan parte hartu edo modu batera zein bestera lagundu duten guztiei.













