Aitor Garitano eta German Ormazabalen ahots eta piano errezitala, igandean
Igartzako jauregian izango da, 19:00etan. Publiko orokorrari irekia da. Europako kantu klasikotik euskal musikara bidaia egingo dute emanaldian.
German Ormazabal eta Aitor Garitano, Bergaran iaz egindako emanaldian.Goiena Igartza Musika Zikloaren barruan, igandean (martxoak 29) Aitor Garitano eta German Ormazabalen ahots eta piano errezitala izango da Igartzako jauregian, 19:00etan hasita. Kontzertua publiko orokorrari irekia da.
Garitano tenor bergararrak eta Ormazabal piano jotzaile tolosarrak Mundutik herrira izeneko emanaldia eskainiko dute. Ibilbide artistiko bat planteatzen du: Europako kantu klasikotik abiatuta, euskal musikara bidaia musikal eta emozionala izango da.
Bi zati ditu kontzertuak. Lehen zatia Europako kantu klasikoan oinarrituko da; nazioarteko errepertorio lirikoaren hainbat pieza biltzen ditu, XVIII. mendetik XIX. mendera bitarteko estiloekin. Bigarren zatian euskal kantagintzara bidaiatuko dute, euskal konpositore esanguratsuen lanekin.













