Irabazteak mailari eustea ziurtatuko die
Azken partidaren faltan da Ordizia, eta garaipenak play offetarako sailkapena ziurtatuko lieke. Apirilaren 12an dute partida Altamiran, 12:30ean.
Ampo Ordizia eta El Salvadorren arteko partida baten irudia, iazko urtarrilean. Lide Egizala Ampo Ordiziak 22-22ko berdinketa lortu zuen iragan asteburuan Ciencias Sevillaren aurka. Partida amaitzeko hamar minutu falta zirenean markagailuari buelta ematea lortu zuten, eta azken txanpan bikain gauzatutako bi touch-maul jokaldiri esker bi puntu oso baliotsu erdietsi zituen, markagailua 22-3tik 22-22ra igarota.
Lider doa orain, zazpigarren postuan, 25 punturekin. Puntu bakarrera du Ciencias Sevilla, eta fase honetan, partida bakarra geratzen zaio Ordiziari. El Salvador izango dute aurkari hurrengo partidan, apirilaren 12an, eta garaipena eskuratuz gero, mailari eustea ziurtatuko lukete. Berdinketa batek ere balio lezake, matematikoki puntu bakarra behar dutelako play offetara sailkatzeko.
Irabaztea da helburu bakarra
Hala ere, irabazteko helburu bakarrarekin lanean ari dira goierritarrak, Xabi Rodriguez entrenatzaileak azaldu duenez: «Ziurtatuta dugula ematen duen arren, gainerako taldeek baina partida bat gehiago jokatu dugu. Ezin dugu pentsatu dena egina dagoenik. Irabaztea eta bost puntuak poltsikoratzea da gure aukera bakarra». Hurrengo partidan punturik lortuko ez balute, azkenengo jardunaldian gainerako taldeek lortzen dituzten emaitzen esperoan geratuko lirateke.
Afizioaren babesa
Play offetara sailkatuz gero, ligako titulua eskuratzeko aukerak izango lituzke Ordiziak. «Aukerak hor daude, eta hoberena da gure esku dagoela; izan ere, hurrengo partida irabazita %100 sartuko ginateke», azaldu du Rodriguezek. Etxean ariko dira, eta ziur dira zaleen bultzadak ere nabarmen lagunduko diela: «Taldeari oso ondo etortzen zaio etxean jokatzea; ezinbestekoa da afizioaren babesa garaipena eskuratzeko».













