Iruri Altzerreka eta Janire Arrizabalaga bertsolariak sailkatu dira Aztiriko sariketatik Osinaldera
Entzuleen saria Mikel Etxezarreta olaberritarrak jaso du. Osinalde Sarian apirilaren 11n kantatuko duten sei bertsolarien kartela osatuta geratu da.
Bertsolariak Aztiri-Bat elkarteanJokin Matxinandiarena Mugertza Bertsolari gazteen Aztiriko sariketa gaur arratsaldean jokatu da, Aztiria auzoko (Gabiria) Aztiri-Bat elkartean. Lehenengo aldiz bazkariaren ondoren izan da bertso-saioa. Epaileen puntuz, Iruri Altzerreka garaitarrak lortu du lehenengo postua, eta Janire Arrizabalaga gernikarrak bigarrena. Bi bizkaitarrak sailkatu dira, horrenbestez, Gabirian apirilaren 11n jokatuko den 54. Osinalde Sariketaren finalera.
Aztiri-Bat elkartea entzulez ondo beteta zela garatu da saioa. Entzuleek euren gustukoenaren botoa emateko aukera izan dute bukaeran, ohitura den bezala. Mikel Etxezarreta olaberritarrak jaso du sari hori. Saritutako hiru horiekin batera, Joanes Azpillaga azpeitiarra, Jon Mendiluze irurarra eta Ekain Alegre altsasuarra aritu dira kantuan.
Sariketa afari ondorenetik bazkal ondorenera pasatzearen balorazio oso ona egin dute, bai antolatzaileek, bai entzuleek. Saioa 18:30a aldera bukatu da. Epaile Asier Iriondo, Nekane Gonzalez eta Joxe Arizkorreta legazpiarrak izan dira, eta aurkezle eta gai jartzaile, Eresti Oiarbide gabiriarra.
Ordiziako Argi-Berriko eta Zaldibiako Osinberdeko sariketen ondotik, Aztiriko gaurkoa zen Osinalderen aurretiko hiru kanporaketetako azkena. Hala, Osinalden apirilaren 11n (hori ere lehenbiziko aldiz bazkal ondoren egingo da) kantatuko duten sei bertsolarien zerrenda ere zehaztuta geratu da: Haira Aizpurua (Sara, 2006), Egiar Otegi (Oiartzun, 2007) –Argi-Berritik sailkatuak–, Maddi Agirre (Gasteiz, 2005), Eki Mateorena (Leitza, 2005) –Osinberdetik–, Iruri Altzerreka (Garai, 2000) eta Janire Arrizabalaga (Gernika, 2003) –Aztiritik–. Bost euskal herrialde egongo dira ordezkatuta.

Bertsolariak Aztiri-Bat elkartean.Jokin Matxinandiarena Mugertza













