Albisu eta Laso garaile: txapela Ataunen geldituko da betiko
Ataungo atzelariak azken asteetako eskuko trabak gainditu ditu, eta neurketako onena izan da. Bere ibilbideko lehenengo txapela eskuratu du.
Albisuk lehenengo txapela eskuratu du gaurko garaipenarekin / EFE Ikusmin handia piztu du aurtengo Binakako Txapelketako finalak, eta azkenean baditu irabazleak: Jon Ander Albisu eta Unai Lasorentzako izan da txapela. Garaipen honekin, Albisuk txapela Ataunera eramango du, bere ibilbideko lehena.
Partida hasieratik agerian geratu da zergatik iritsi diren lau pilotari hauek Iruñeko Nafarroa Arenako final handira. Neurketa fisikoa eta gogorra izan da, erritmo bizikoa eta parekatua; hala ere, agintea urdinek izan dute hasieratik bukaerara. Azkenean, 22-16ko emaitzarekin itxi da partida, urdinen alde.
Partida estua
Baikoko bikoteak estrategia argia erakutsi du lehen tantoetatik: Ezkurdia nekatzea. Horretarako, etengabe bilatu dute ezker pareta, Altunari protagonismoa kendu eta aukerak ahalik eta gehien mugatzeko asmoz. Hala ere, Ezkurdiak ez du etsi eta une oro sendo eta geldiezin aritu da.
Bi atzelarien lana, hain zuzen ere, bikaina izan da gaurkoan. Bai Albisuk, bai Ezkurdiak ere, segurtasun handiz eutsi diete pilotakadei eta ez dute ia akatsik egin. Ataungo atzelariak, gainera, azken asteetako eskuko trabak gainditu ditu, eta neurketako onena izan da. Konfiantza handiz jokatu du, une oro nagusitasuna erakutsiz.
Bukaera borobila
Gaurko Laso eta Albisuren jarduna txapelketan zehar erakutsitakoaren isla garbia izan da: sendoa eta erregularrak izan dira hasieratik bukaerara. Biek segurtasunez jokatu dute, eta pilotaz gozatzen jakin dute.
Ataungo eta Bizkarretako pilotariek ibilbide bikaina osatu dute lehen fasetik bertatik, hamalau partidatik bakarra galduta. Horrela, hasieratik agerikoa zen finalerako hautagai nagusietakoak zirela. Finalerdietako ligaxkan ere indartsu abiatu ziren, Erik Jakari eta Martxel Iztuetari 22-13 irabazita.
Hala ere, ataundarraren eskuko arazoek zalantzan jarri zuten bikotearen presentzia azken partidetan. Bigarren jardunaldian, 22-15 galdu zuten Altuna III.aren eta Ezkurdiaren kontra, baina une erabakigarrian, asmatu egin zuten: finalerdietan Elordi-Zabaletari 22-21 irabazita eskuratu zuten finalerako txartela.
Azkenean, Albisuren alabak amestutako txapela egi bihurtu da, eta gaur ere suziria botako dute Ataunen. Bihar ere festa giroak hartuko du herria: 19:30ean omenaldia egingo diote San Gregorioko plazan.













