Laugarren saria Arriaranera, zazpigarrena Ezkiora
Larunbatean jokatu da Euskal Herriko XVII. Mus Txapelketako final nazionala. Zuberoara joan da sari nagusia, baina Goierriko muslariak izan dira lehen hamarren artean.
Arriarandik sailkatutako Josemi Guillorme eta Ignacio Torres laugarren saria jasotzen.EHMF Herriz herrikako kanporaketak jokatu ziren aurrena, lurralde bakoitzeko finalak ondoren, eta pasa den larunbatean jokatu da Euskal Herriko XVII. Mus Txapelketako final nazionala, hamazazpigarren edizio horri amaiera emateko. Arriarandik sailkatutako bikoteak laugarren postua eskuratu du, eta Ezkiokoak zazpigarrena.
Zuberoara joan da sari nagusia. Urdiñarbeko Bixintxo Etchegoinberry-k eta Patrick Loustauk osatutako bikotea izan da txapelduna. Bigarren saria Etxarri Aranazko (Nafarroa) Xabier Mauleon-Ian Ansotegi bikoteak lortu du, eta hirugarrena Hazparneko (Lapurdi) Xavier Mercapide-David Mercapidek.
Gutxira geratu dira Arriarandik sailkatutako –eta Gipuzkoako txapeldunorde izandako– Josemi Guillorme eta Ignacio Torres, laugarren saria eskuratuta. Zazpigarren postua Ezkiotik sailkatutako Jon Muñoz-Julen Etxeberria bikoteak lortu du.
Goierriko zortzi bikote zeuden sailkatuta final nazionalerako. Arriarango eta Ezkiokoez gain, Olaberriko Jon Idiakez-Jon Esnaola bikoteak 31. postua lortu du, Ataungo Hodei Zabaleta-Axel Goikoetxeak 43.a, Olaberriko Iker Imaz-Harri Herguedasek 57.a, Legazpiko Joseba Telleria-Joseba Gabilondok 92.a, Ormaiztegiko Joxe Mari Urbieta-Juan Miguel Loidik 95.a, eta Zaldibiako Iñigo Mendizabal-Jon Mendizabalek 107.a. 128 bikotek parte hartu dute final handian.

Ezkioko Jon Muñoz-Julen Etxeberria bikotea zazpigarren saria jasotzen.EHMF













