Ongietorri topaketa egin du udalak Beasainen erroldatu berrientzat
Udal zerbitzu nagusien oinarrizko informazioa eman zaie bertaratuei.
Harrera ekitaldia larunbatean, udaletxean.Beasaingo Udala Beasaingo Udalak ongietorri topaketa egin du joan den larunbatean udaletxeko batzar aretoan, Beasainen erroldatu berri diren herritarrei harrera egiteko asmoz. Leire Artola alkateak, Adur Ugartemendia alkateordeak eta Ainhoa Arrese berdintasun zinegotziak parte hartu dute, eta udal zerbitzu nagusien oinarrizko informazioa eman diete bertaratutakoei.
Herritarrek eskura dituzten funtsezko zerbitzuen berri eman zieten, besteak beste, ongizate saileko bulegoaren, osasun etxearen eta ikastetxeen berri. Euskaltegia eta euskara indartzeko baliabideak ere aurkeztu zizkieten, bai eta Helduentzako Eskola, udal liburutegia, kultur etxea, Usurbe antzokia, Loinatz Musika Eskola, Antzizar kiroldegia eta Urbieta eraikineko tailerrak ere.
Topaketan Ongi etorri gida esku orria banatu zitzaien erroldatu berriei, Beasaingo kale-planoarekin batera.













