Peña Gantxegi: Haizearen Orraziko plaza egin zuen arkitektoak Zumarragan ere lan egin zuen
Atzo (igandea) Luis Peña Gantxegi arkitekto oñatiarraren jaiotzaren mendeurrena izan zen. Peña Gantxegik euskal arkitektura berritu zuen eta oso obra ezagunak egin zituen: Haizearen Orraziko plaza Donostian eta Foruen plaza Gasteizen, besteak beste. Etxeak ere egin zituen. Horietako bi Zumarragan egin zituen, Juan M. Enciorekin elkarlanean. Esteban Orbegozo auzoaren ondoan dauden Urdaneta kaleko bi etxeak egin zituzten. Sustatzaileak bizilagunak izan ziren. Horretarako kooperatiba bat eratu zuten.
Kooperatibaren izena San Roque zen. Viviendas y Contratas enpresari eskatu zioten etxeak egiteko, baina enpresa horrek Urretxuko etxe-orratza egin behar zuen eta beste bat bilatu behar izan zuten. Azkenean, Irastortzak egin zituen etxeak. Obra 1962an hasi zen eta 1965ean amaitu. Peña Gantxegi eta Encioren diseinuaren bereizgarri nagusia fatxadako egurra da. Horri esker, etxeek euskal arkitektura tradizionalaren ukitua dute.
Etxebizitzek 90 metro koadro inguru dituzte eta sekulako bista dute: Irimo, Oleta, Samiño, Pagotxeta, Beloki… ikusten dira. Baita bi herriak ere.
Peña Gantxegi gaztea zen Zumarragako etxeak egin zituenean, baina ordurako bere lan ezagunenetako bat egina zuen: Zarauzko Vista Alegre eraikina. Ondoren, Haizearen Orratza, Foruen plaza, Oñatiko udaletxearen berritzea, Mirakontxako etxe batzuk, Rezola enpresaren museoa… egin zituen.













