Aramako irisgarritasuna hobetzeko lanak azken fasean daude
Eliza atzeko kalean plataforma bakarra sortu da oinezkoei lehentasuna emateko eta trafikoa berrantolatzeko. Herritarren segurtasuna bermatzeko bestelako hobekuntzak ere egin dira.
Herritarren segurtasuna bermatu eta mugikortasuna hobetzeko asmoz Aramako Udalak herrigunean abiarazitako lanak azken fasean daude, eta argiztapen berriaren instalazioa besterik ez da falta erabat amaitzeko. Eliza atzeko kalean plataforma bakarra sortu dute oinezkoei lehentasuna emateko eta trafikoa berrantolatzeko.
Orain arte, autoek herrigunearen atzetik sartu eta eremuari bira osoa ematen zioten aurretik ateraz. Egindako aldaketarekin, eremu horretako zoru guztia altuera berean jarri da, erabilera mistoko eta bi noranzkoko bidea bihurtuta. Hala, oinezkoek lehentasuna izango dute, eta ibilgailuek ezingo dute herriaren aurrealdetik irten; sartu diren bide beretik atera beharko dute. Neurri horrek oinezkoentzako espazio zabalagoa eta seguruagoa sortzea ahalbidetu du.
Azken ukituak falta badira ere, trafikoa dagoeneko zabaldu da lanen eremuan, eta herrigune aurreko bidea itxi da ibilgailuentzat. Lan horien baitan, bestelako egokitzapenak ere egin dira: aparkaleku berriak egokitu dira, eta haur parkea berritzeko aprobetxatu da.
Urbanizazio lanen aurrekontua 283.084,34 eurokoa izan da (BEZ barne), eta proiektua gauzatzeko Aramako Udalak 2024ko EREIN dirulaguntza jaso du.














