Ataungo herritarren maitasuna jaso du Jon Ander Albisuk
Suziriarekin hasi, suziriarekin buka. Binakako txapela irabazi duen Ataungo pilotariari herri omenaldia egin diote San Gregorioko Zelai frontoian.
Jon Ander Albisu binakako txapelarekin eta garaikurrarekin, Laiene eta Jare alabak ondoan dituela, Ataun San Gregorioko frontoira sartzen. Iñaki Gurrutxaga Martxoaren 29ko arrats-iluntzean bizitakoa ez du sekula ahaztuko du Jon Ander Albisuk (Ataun, 1990), ezta gerora etorritakoak ere. Profesionaletan 16 urtetan aritu eta aurrez binakako bi final galdu ondoren, herenegun jantzi zuen ataundar pilotariak Iruñeko Nafarroako Arenan horrenbestetan amestutako txapela Unai Laso (Bizkarreta-Gerendiain, 1997) lagun zuela. Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia hartu zituzten mendean (22-16).
Pilotalekuan bai, baina igande gauen ez zuten elkarrekin ospatu garaipena –nafarrak Iruñeko Azurmendi sagardotegian, ataundarrak etxeko Urbitarte sagardotegian–. Atzo bai ordea, elkarrekin pasa zuten arratsalde osoa Ataun San Gregorion, eta herritarrek Albisuri gorazarre egiteko herri omenaldian parte hartu zuten biek. Finala irabazi ala ez, omenaldia berdin-berdin egingo ziotela esana zuten herritarrek.
Suziria eta pilotarien pasilloa
San Gregorioko Sutegi tabernako buru eta Albisuren zale amorratu eta lagun-min Iñaki Galparsorok zeruraturako suziriarekin hasi da omenaldia, plazan bertan. Pasillo luzeagoa egitea zen asmoa, baina euriak eragotzi du. Han da mutur batean Jon Ander Albisu, txapela buruan, ondoan Miren Albizu ama, Laiene eta Jare alabak eta Arantxa Aierbe amaginarreba dituela.

Jon Ander Albisu, bi alabekin, Miren Albizu amarekin eta Arantxa Aierbe amaginarrebarekin, oholtzan.Iñaki Gurrutxaga
Herriarteko pilota txapelketan aritutako ataundar pilotariek eta pilota eskolako gaztetxoek egindako korridorea zeharkatu dute bostek, herritarren txalo artean. Joanjo Mintegi eta Josu Albisu soinujoleek eta Amets Arteaga panderojoleek girotu dute hasiera hori. Aurkezle lanak Jon Aizpuru irrati esatari ohiaren kargu. Haren sarrera hitzen ondotik ohorezko agurra dantzatu diote Otsoak dantza taldeko Aetz San Sebastian eta Manex Bikuña dantzariek, herriko bost txistularik jotako doinuaren erritmora –horien artean Fermin Aramendi–. Bi dantzariek lore-sorta bana eman diete Albizuri eta Aierberi, eta Albisu bakarrik geratu da oholtzan. Atzean pankarta bat: Sutegiko jarraitzaileen txapeldunak.

Aetz San Sebastian eta Manex Bikuña dantzariak, lore-sortak banatzen eta omenduak agurtzen.Iñaki Gurrutxaga
Lagunen hitzak eta bertsoak
Albisu-eta mutikoak zirenean Joxemiel Barandiaran eskolan atsedenaldietako pilota txapelketa antolatzen zuen Jexux Goikoetxeak orduko pasarteak gogora ekarri ondoren, Ataunen lau pilotari profesional badirela nabarmendu du: Jon Ander Albisu, Iraitz Zubizarreta, Beñat Senar eta Beñat Zubizarreta.
Ehiza zalea ere bada Albisu, eta haren taldeko Beñat Arratibelek izan ditu hizpide ehiza ibilerak. Mikel Tapiak eta Asier Lasak bertso bana kantatu diote ondoren, eta beste bi hitzartze etorri dira. Josu Munduatek pilota eskolaren izenean hitz egin du, eta Jon Arratibelek kuadrillaren ordezkari modura, emozioari eta negarrari eutsi ezinean.

Jon Arrabel Albisuren kuadrilla-laguna, hunkituta, pilotariari hizketan.Iñaki Gurrutxaga
Albisuri eskainitako zazpi kopla
Jon Aizpuruak berak idatzitako zazpi kopla kantatu ditu segidan, Joanjo Mintegik soinuarekin lagunduta eta Mikel Laboaren Sorterriko koplak doinua erabiliz. Hona lehena: “Maitasun baten ipuina, asko saiatuz egina! Mutiko bat maitemindu zen, pilota alajaina! A ze pareja bikaina!“. Eta hauxe azkenekoa: “Pilota maite dugunontzat, sufritzen egon garenontzat, merezi izan du zain egoteak, eman dezakegu ontzat, poza izan da guztiontzat!”.

Jon Aizpuru esatari eta aurkezlea, Albisuri koplak kantatzen, Joanjo Mintegik soinuz lagunduta.Iñaki Gurrutxaga
Eta elkarrizketaren txanda iritsi da. Aizpuruak galdetu, eta Albisuk neurriak erantzun. Ez da hitz askokoa pilotari ataundarra, baina aitortu du baietz, “amestutako txapela azkenean jantzi” duela.

Jon Ander Albisu, irribarretsu, omenaldiaren une batean.Iñaki Gurrutxaga
Unai Laso frontoira
Arratsaldean han ibilia zen Bizkarretako pilotaria komunikabideei arreta egiten, baina ezustekoa izan da omenaldian parte hartzea. Iruñean irabazitako txapela buruan duela, eskuan beste ekarri du, eta Albisu estu besarkatu ondoren, Ataungo herriak eskainitako txapela jantzi dio. Elkar hartuta egon dira oholtzan, konplizitate handiarekin.

Unai Laso oholtzara igo den unea, Albisurentzat txapela opari dakarrela.Iñaki Gurrutxaga
Sutegiko Iñaki Galparsororen txanda ondoren. Hark ere hartu du hitza, eta Albisuri eskainitako txapel bera eman diote Lasori. Berriz ere txapelketari eta finaleko bizipenei buruz aritu dira bi pilotariak Aizpuruaren galderei erantzunez.

Sutegiko Iñaki Galparsoro, Albisuri eta Lasori besarkatuta.Iñaki Gurrutxaga
‘Txoria txori’ eta suziria
Beste ataundar bati keinu egin nahi izan diote antolatzaileek omenaldia borobiltzeko. Joxan Artzek idatzi eta Mikel Laboak musikatutako Txoria Txori abestian kantatu dute Zelai frontoian bildutakoek. Joxan Artze Agirrek (Usurbil, 1939–2018) Ataungo jatorria zuen, haren ama Benita Agirre Aia auzoko Erroiondozar baserrikoa baitzen.
Atzera ere suziria bota du San Gregorioko plazan Galparsorok, eta argazkien, sinaduren eta besarkaden txanda iritsi da. Omenaldi xume eta herrikoia izan da, Jon Ander Albisu Albizuk merezi bezalakoa.

Albisu eta Laso, herritarrei pilotak sinatzen.Iñaki Gurrutxaga
ARGAZKIAK. Iñaki Gurrutxaga
BIDEOA. Mikel Albisu













