Berdegune publikoen kontratazioa eta azoka sustatzeko diru laguntzak onartu ditu udalbatzak
Diru laguntzen helburua Beasaingo larunbateko azoka indartzea eta tokiko ekoizleen lanari balioa ematea dira.
Beasaingo udalbatzak parke, lorategi eta berdeguneen zaintzarako zerbitzuaren kontratazioa eta azoka sustatzeko diru laguntzak onartu ditu martxoko osoko bilkuran.
Zerbitzua Gureak Berdea enpresari esleitzea onartu du aho batez. Kontratuak 5 urterako iraupena izango du, eta urteko esleipen prezioa 368.566,12 eurokoa izango da, materialetarako 17.889,67 euro eta lan berezietarako 8.061,94 euro gehituta (BEZ gabe).
Udalak azaldu duenez, askotariko lanak egingo dira: “Ureztatzea eta ureztatze sarearen mantentzea, soropilen mozketa eta aireztatzea, landaketa berriak eta birjarpenak, zuhaitzen kimaketak eta berdeguneen egokitzapen lanak”. Espaloi eta hormen garbiketa, zuhaitzek eragindako arriskuen prebentzioa edota altuerako inausketak ere barne hartzen ditu kontratuak.
Azokaren sustapeneko diru laguntzei dagokienez, bertako produktuen merkaturatzea eta kontsumoa sustatzeko diru laguntzen oinarriak onartu dira aho batez. Helburua Beasaingo larunbateko azoka indartzea eta tokiko ekoizleen lanari balioa ematea dira.













