Oskar Rodriguez laugarren II. Ibai-ondo Backyard proban, 201 kilometro eginda
Usurbilen jokatu da proba joan den asteburuan. 6,7056 kilometroko itzulia 30 aldiz osatu du beasaindarrak. Goierritar gehiagok ere parte hartu dute.
Oskar Rodriguez II. Ibai-ondo Backyard proba amaitu ondoren.Hitza Oskar Rodriguez beasaindarrak laugarren postua eskuratu du II. Ibai-ondo Backyard proban, Usurbilen, joan den asteburuan, 201,18 kilometro eginda. Lehiaketaren ibilbidea bakarra da, eta helburua ibilbide horretan ahalik eta itzuli gehien ematea da. Itzuli bakoitzaren distantzia 6,7056 kilometrokoa da, 20 metroko desnibel metatuarekin, eta partaideek itzuli bakoitza osatzeko gehienez 60 minutu dituzte.
30 itzuli egin ditu Rodriguezek. Lehen aldia izan da berarentzat horrelako formatu batean. “Oso ondo” sentitu zen lasterketa guztian, “mentalki oso fuerte eta gorputz oso onarekin”. Lehenengo 15 orduak “oso erraz” egin zituen, Beasaingo bi lagunekin joan zelako: Iraitz Velazquez eta Iñaki Maiz. “Hortik aurrera bakoitzak bere lasterketa egin zuen”, azaldu du Rodriguezek.
25. itzulira arte ondo jarraitu zuen, eta hortik aurrera “biziraupena” izan zela dio: “26.en eta 27.en itzuliak gogorrak izan ziren, nahiz eta mentalki oso ondo egon hankek ez zuten funtzionatzen. 28.en itzulian egoerari buelta eman nion eta 200km-ra iristeko helburua jarri nuen –30 itzuli–. Azkeneko itzuli hori topera egin nuen banekielako azkena izango zela; 35 minututan egin nuen”.
Erritmo motelak eta atsedenak
“Pare bat itzuli gehiago egiteko ahalmena” izan bazuen ere, aurreneko hirurak harrapatzea urruti ikusi zuen: “Banekien podiumean sartzeko aukera ezinezkoa zela, aurreneko hirurak beste maila batean zeudelako”.
Lehen aldia izan da berarentzat formatu horretan, eta “asko gustatu” zaio: “Oso ezberdina orain arte egindako guztiarekin. Banekien ondo emango zitzaidala, erritmoak oso motelak direlako eta oso burugogorra naizelako. Zailena atsedenak kontrolatzea izan da, ez delako komeni gehiegi deskantsatzea ere hoztu egiten zarelako eta berriro ere arrankatzea kosta egiten delako, baina noizbehinka behar duzu denbora jateko eta arropaz aldatzeko. Beraz, oreka hori bilatzea da garrantzitsuena”.
Denborak ez du balio proba horretan, itzuliak baitira garrantzitsuena. Rodriguezen hitzetan, “itzuli guztia erdi oinez” egin dezakezu, eta balio duena “bueltaz buelta jarraitzeko asmoa izatea” da. “Berezitasun nagusiena hori da”.
Goierritar gehiagok ere parte hartu dute II. Ibai-ondo Backyard proban kilometroak eta itzuliak pilatzen. Rodriguezekin batera irtendako Iraitz Velazquez eta Iñaki Maizez gain, Carlos Moranek (Zegama), Itxaro Mendizabalek (Itsasondo) eta Koldo Urrestarazuk (Lazkao) ere parte hartu dute, besteak beste.













