Senar, Zubizarreta III.a eta Zubizarreta IV.a, Buruz Buruko B Serieko Txapelketan
Asteburuan hasiko da Buruz Buruko Txapelketa, A Seriekoa zein B Seriekoa. Larunbatean Zubizarreta anaiek elkarren aurka jokatuko dute final-zortzirenetan.
Buruz Buruko Serie B Txapelketan ariko diren pilotariak, gaur, aurkezpenean.Baiko Baikok eta Aspek aurkeztu dituzte Buruz Buruko Txapelketak, eta pilotarien zerrendak eman dituzte ezagutzera. B Serieko txapelketan Senar, Zubizarreta III.a eta Zubizarreta IV.a ataundarrak ariko dira, eta haiekin batera lehiatuko dira Agirre, Alberdi II.a, Aldabe, Amiano, Egiguren V.a, Eskiroz, Murua, Rekalde eta Salaberria.
Iazko irabazlea izan zen Bakaikoari –aurten A seriean ariko da– erreleboa ematen ahaleginduko dira guztiak. Asteburuan hasiko da txapelketa. Zubizarreta anaiek elkarren aurka jokatuko dute lehen partida, final-zortzirenetakoa, larunbatean (apirilak 4), Zarauzko Ariztbatalde frontoian, 18:00etan.
Senarrek, aldiz, apirilaren 11n ekingo dio txapelketari, final laurdenetan, Muruaren aurka, Oñatiko Zubikoa frontoian.













