Beñat Urretabizkaiak (Beasain, 1989) ikus-entzunezko ikasketak egin nahi zituen baina matrikula egitera berandu iritsi zen, beharbada zoriak aginduta. Madrilera interpretazio ikastera joatea zen bigarren aukera, eta hala egin zuen. Eskolan dantza ikasgaia zuen eta han eman zituen lehenengo pausoak, lehenengo saltoak eta lehenengo itzulipurdiak. Konturatzerako dantza barru-barrukoa zuen eta Madrileko kontserbatorioan dantza garaikidea ikasteari ekin zion. Urretabizkaiak Dantzaz konpainian bi urte egin ditu. Aurreko asteburuan Lekeition (Bizkaia) Itsaslaboa, Txoriak zoroen itsasoa ikuskizuna aurkeztu dute, eta hondar gainean egin dute dantza. Badirudi zu bere bila baino dantza bila etorri zaizula. Bai, irudipen hori daukat. Berandu hasi nintzen, baina gauzak aurrera eta ondo antzera doaz. Entzunaldi batekin hasi al zen Dantzaz konpainiako abentura? Madrilen ikasten ari nintzen eta udan etxera etorri nintzen. Artelekun entzunaldi bat zegoela jakin nuen eta egin nuen. Aukeratu egin ninduten eta Dantzaz konpainian lanean eman ditut azken bi urteak. Aurki zure lana amaituko da konpainian, ezta? Bai, Dantzaz konpainiaren xedea da dantzariei era profesionalean dantza egiteko eta ikasteko aukera eskaintzea. Bi urte egin ahal dituzu bertan eta gero lekukoa beste dantzari batek hartuko du. Nik azkar beteko ditut nire bi urteak. Esango zenuke Dantzaz konpainiak moldeak apurtu dituela Euskal Herriko dantzagintzaren eszenan? Euskal Herrian badago jendea dantzaren eremuan [...]