Garazi Goia (Segura, 1978) telekomunikazio ingeniaria da ikasketaz, baina bizimodua ikus-entzunezkoei lotuta egiten du Londresen (Ingalaterra). Egun, BBC kate publikoko hedabideen zuzendaria da. Lanbidea idazteko grinarekin uztartu du eta hainbat liburu kaleratu ditu jada; azkena, Txartel bat (des)herrira (Elkar, 2013). Nolatan lotu zinen ikus-entzunezkoen mundura? Telekomunikazio ingeniaritza ikasketak egin nituen. Aukeraketa ez zen bokaziozkoa izan. Dena dela, Ingalaterran ez dizute, beste leku askotan bezala, egindako ikasketengatik etiketa bat jartzen, ikuspegia eta pentsaerak bestelakoak dira. Aitzitik, 17 urterekin ingeniaritza ikasteko erabakia hartu, eta hemen erabaki horrekin etiketatua gelditzen zara ibilbide profesional guztirako; heldutasun eta perspektiba mugatuarekin hartutako erabaki bat izan den arren. Horrek ibilbide profesionala guztiz mugatu ahal dizu. Testuinguru horretan enpresek ez dute jendearen hoberena ateratzen. Londresen langilearen eta enpresaren arteko harremana askoz irekiagoa da. Ikus-entzunezkoen munduan sartu nintzen Londresen izan nuen lehenengo lanean, ia duela 12 urte. Erabaki horren inguruan faktore asko zeuden, baina gauza berriak ikusi, jendea ezagutu eta lan munduko esperientzia gehiago hartzen nindoan heinean, gero eta garbiago izan nuen sektore hori interesatzen zitzaidala. Gainera, Londres mundu mailan erreferentzia da arlo horretan eta aukera asko daude. BBCn aukeraketa prozesu batean izena eman, eta aukeratu zintuzten. Nola egiten du BBCk aukeraketa prozesu bat? Aukeraketa prozesuak justuak eta objektiboki [...]