Segurar talde bat ‘Ez dira aspaldiko kontuak’ herri antzerkia prestatzen ari da. Lourdes Imazen ideia izan da eta bera arduratu da antolatzeaz. Abenduaren 13an egingo dute emanaldia Segurako Baratze pilotalekuan, 19:30ean. Sekretuan eraman dute sekretua. Zerbaitetan ari zirela bai, baina ezer segururik ez zekien inork. «Txispa galduko luke aurrez denei kontatuz gero eta!» dio Lourdes Imazek (Segura, 1952). Baina, egun handirako egun gutxi falta diren honetan, emanaldiaren nondik norako batzuk kontatzera ausartu dira. 36ko gerra osteko egoerak eta ikastolen sorrera irudikatuko dituzte hainbat segurarrek eta Ikastolen sorrerarekin erlazio estua izan duten beste herri batzuetako hainbat lagunek antzerki bidez, orduan egin zirenak jendeak ezagutu edota gogoratu ditzan. Guztira, 32 lagun arituko dira antzezle lanetan. 2006 urtean, Segura fundatu zenaren 750. urteurrenerako antzerki bat prestatu zuen segurar talde batek. Talde berak, Erdi Aroko Festa sustatzeko antzerkitxo bat antolatu zuen gero, eta talde hartako batzuk izango dira antzerki horretako aktoreak. Ideia, aspaldikoa Eta antzerki bat sortzeko, ideia bat behar da; gidoi bat. Ideia aspaldi zerabilkien Imazek buruan bueltaka: «Antzerki historiko bat egitea ibili izan dut beti buruan. 36ko gerraren ondoren guk bizitakoak kontatu nahi izan ditut». Gerra garaitik gaur egunera eman diren aldaketa «izugarriak» dira Imazek antzezlan horren bidez ezagutarazi nahi izan dituenak. Behin [...]