Ataungo Espilla baserrian nekazaritza ekologikoan jarduteagatik ezagutuko dute goierritar gehienek Pili Eskisabel (Ataun, 1957). Nekazari izateaz gain, abenturazalea ere bada, ordea. Bi aldiz pentsatu gabe erabaki zuen martxoan Ordiziako Ahozko Kontakizunen lehiaketan parte hartzea, eta hirugarren postua lortu zuen aitak txikitan helarazi zizkion istorio kantatu batzuk taularatuta. Ahozkotasunaren munduak liluratuta utzi zuela dio Eskisabelek. Datorren ostiralean, Ataungo Herri Antzokian, jendaurrean kantatuko ditu berriro bertso haiek, Antzeztaun zikloaren baitan.
Ipuin bat asteko bederatzi urtean zehar. Hori da Mertxe Aizpurua (Ordizia, 1967) ipuin kontalariaren marka, oraingoz. Ordiziako udal liburutegian 4 urtetik 9 urtera arteko haurrei ipuinak kontatzen dizkie. Kontaketarekin uztartzen ditu Jakintza ikastolan egiten duen antzerki irakasle lana eta gozoki denda batean egiten duena; «umeak dauzkat beti inguruan», dio. Urtetan San Joan suan Marirena ere egin du; aurten ez da aterako Mari bezala, «baina sorgin arruntarena» egiten jarraituko dut. Antzerkiko ikasketak egin zituen Donostian, «duela denbora asko…».