Udazkenarekin batera odolki usaina izaten da herriko kaleetan. Lehiaketak ere han eta hemen izaten dira. Beasaingoa pasatu berria da eta Ormaiztegirena da hurrengo txanda. Aurten gainera, urteurren berezia dute ormaiztegiarrek: 25. urteurrena. Duela 29 urteko Luis Juan Unanuaren, Joxe Muruaren eta Jose Angel Galarragaren ideiak, indarrean jarraitzen du oraindik ere, ormaiztegiarren partehartzeari esker. Duela 29 urte, martxan jarri zuten odolki dastaketa Ormaiztegiko Barduliarrak elkartean. Luis Juan Unanua, Joxe Murua eta Jose Antonio Galarraga izan ziren ideiaren bultzatzaileak. Ondoan izan zituzten sukaldaritza inguruko hainbat aditu. Besteak beste, Koldo Lasa, Juanjo Lapitz, Pello Garcia Amiano, Luis Mokoroa eta Pedro Ruiz. Elkartekideekin batera, herriko tabernetako kideak biltzen ziren dastaketa horietan. Luis Juan Unanuak kontatu digunez, “Ormaiztegi garai hartan, Beasain baino gehiago zen, eta forma eman nahi genion. Gastronomia inguruko hainbat jenderekin elkartu eta katak egiten genituen. Odolkiaren konposizioa baloratzen zen baina ez zuen lehiaketa izaerarik. Gastronomia munduko jendea mugitzen zen gurekin, sukaldariak ere bai. Lehiaketa egitea erabaki genuen eta odolkia puntuatzeko oinarriak eta irizpideak finkatu ziren. Garai hartan ez zegoen ezer ere. Batez ere Goierriko odolkiak dastatzen ziren. Lehiaketa izaera eman zitzaionean beste inguru batzuetako jendea ere hasi zen etortzen. Nik uste dut Euskal Herri osoko odolkiak izan ditugula, Iparraldekoak zein Hegoaldekoak”. Dastaketatik [...]