Bukatu du Goierriko mendizale beterano taldeak Euskal Herriko itzulia. Hiriburuz hiriburu, herriz herri eta mendiz mendi Euskal Herria hobeto ezagutzeko eta gozatzeko aukera izan dute. Hilean behin orri hauetan kontatu digute egin dutenaren berri. Orain, egitasmoa burututa, mahaiaren inguruan elkarturik, Juanjo Mujikak, Joxe Mari Barandiaranek, Pedro Irastorzak eta Koldo Auzmendik patxadan kontatu dute bizitako esperientzia. Ibilbidea zenbakitan 35 etapa egin dituzte (16 etapa 2010 urtean eta 19 2011n). Guztira 930 Km eta ia 273 ordu (atseden eta guzti). Bataz beste etapa bakoitzean 26,6 Km egin dituzte 7 ordu eta 20 minututan, 1.065 metro gorantza eta 1.055 metro beherantz. 2010ean bataz beste 30 lagun joan zen irteera bakoitzean, 2011n 40 eta azken bi etapetan 46 mendizale. Astean behin egin dute irteera, eguraldia lagun, asteartea eta osteguna bitartean. Beraz, horretarako astia dutenak dira denak, 60-70 urte arteko jubilatuak edo aurre-jubilatuak. “Astean etapa bat egiteko 2-3 egun aukeran edukitzea pribilegio bat da, oso gustura gabiltza funtzionatzeko modu honekin”, azaldu du Barandiaranek. Jarraitu beharreko bidea Billabonako Ezkardi mendizale taldeak Mugalarirekin kaleratutako liburua eta ondoren Lekeitioko mendizaleek GPSarekin ibiltzeko jarritako datuak erabili dituzte oinarri bezala. “Aurretik GR 10 eta 11 egin genituen, baina hura erraza da, ondo dago seinaleztatuta. Oraingoan, ordea, beldur nintzen nola moldatuko [...]