Zaldibiako umeak Izan Kantuz erronkarako prest
Euskara, kantua eta elkarlana oinarri hartuta, Izan Kantuz erronka sortu dute Zaldibian. Mundu mailako marka berria jarri nahi dute, etenik gabe 26 orduz kantuan arituta. Azaroaren 10etik 11ra bitartean egingo dute, arlo eta adin ezberdinetako ahalik eta herritar gehienen parte-hartzearekin. Euskal abestian izango dira denak, inoizko “euskal karaokerik handiena” osatuz. Ekitaldian Zaldibiako herri eskolako ikasleek ere parte hartuko dute, eta atzo, Agustin Mujika Takolo-k gidatuta, “lortuko deu!” oihuen artean aurkeztu dute egitasmoa.
Antolatzaileen arabera, “gure izaera, gure nortasuna, belaunaldiz belaunaldi kantuen bidez transtimitu diren sentimenduak elkarbanatu eta plazaratzeko helburuarekin” sortu da Izan Kantuz egitasmoa. Hala, “erronka gisa” planteatu dute, herritarrei “26 ordu euskarazko kantuak abesten” igarotzeko desafioa botata.
Abestuko dituzten kantuen zerrenda eta parte hartzeko irizpideak zaldibia.org webgunean aurki daitezke. Izan Kantuz egitasmoa laguntzeko, zozketa bat ere jarri dute martxan. Herriko dendari, tabernari, nekazari eta bestelako eragileek emandako sariak lortu ahal izango dira.