Haurreskoletako langileek greba eguna dute gaur, hezkuntzako protesten barruan egiten ari diren borroka astean.
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, hezkuntza arloan sektoreka lanuzteak eta protestak egiten ari dira. Haurreskoletako langileek greba egingo dute gaur, eta haien egoeraz hitz egin du Ainize Lasak.
Irakaskuntza arloan deitutako ekintzen barruan, Haurreskoletan greba eguna egingo duzue gaur. Zein da zuen egoera?
Haurreskolen kasuan badago oinarrizko arazo bat. Hezkuntza publikoaz ari gara, baina Haurreskola ordaindu egin behar da, eta oso garestia da. Eta hori horrela den bitartean, ez da jende gehiago etorriko. Dena kate bat da azkenean, matrikulaziorik ez badago ez dago kontrataziorik, eta kontrataziorik ez badago kalitate gutxiagoko zerbitzua ematen da. Baina horretarako, beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak diru partidetan kontuan hartzea. Hor dago giltza, doakoa izatean. Horrek baitakar kate osoa berekin.
Goierriko kasuan, haurreskola txikiak dira gehienak. Zein da zentro horien egoera?
Badira ertainak eta handiren bat edo beste ere, baina Goierrin haurreskola gehienak txikiak dira. Eta txikien kasuan, familiei ezin diezu zerbitzu oso bat eskaini, 7 ordura mugatuta daudelako. Ordezkapenen kasuan ere ez dago irizpide garbirik, eta askotan erreguka ibili behar izaten dugu, eta zain egon, zer erabakiko duten jakin gabe.
Haurreskola txikietan alerta egoera bat ere badago. Zeraingoa itxi zuten, Olaberrikoa ere itxi dute. Bere garaian egin zen sinadura bilketa bat herri txikien egoera kontuan hartzeko.
Krisiaren eta murrizketen garaia etorri zenetik, ez al da inongo hobekuntzarik izan?
Ez. Dirurik ez dagoela, hori da beraien aitzakia. Jarrera itxia dute. Baina dirua alde batera utzita, ikusten ditugu zirrikitu batzuk dagoenarekin gauzak hobetzeko. Eta langile bezala borrokatzen aritu garen gauzak, ordenatu gabe zeuden alorrak izan dira. Adibidez, antolakuntzakoa. Oposaketak atera zirenean, Gipuzkoan postu asko sortu ziren. Jende finko asko dago, baina ez dute plaza bat toki finko batean, haurreskolaz aldatzen dituzte. Finkotasuna lortu zutenetik, etengabe aldatzen ari dira lekuz, beraz ezin esan finkotasun handirik lortu dutenik. Hori arautu gabe zegoen eta horretan jarri genuen indarra. Denbora asko pasa dugu arautu gabe zegoena zehazten. Ordezkoen araudia ere landu nahi genuen, erretiroen kontua ere hor dago… Orain borrokaldi hau etorri da, eta hor hezkuntza osoa batera goaz. Guk, hala ere, Eusko Jaurlaritzari eskatu nahi diogu, batetik, diru partidak behar bezala bana ditzala, eta bestetik, partzuergoria, duen diruarekin ondo kudeatu dezala egoera hau.
«Hezkuntza arlokoa arazo soziala da,
eta denoi eragiten digu»
«Haurreskola txikietan alerta egoera bat
ere badago. Goierrin bi itxi dituzte»
Orain arteko protestak eta lanuzteak, hezkuntzako beste alorrekin batera egin dituzue. Oraingoa sektoreka egiteak ikusgarritasun handiagoa eman al dizue?
Berez hori zen helburua. Astez aste sektore bakoitzaren egoera eta beharrak azaltzea, eta bukaera bezala, denak elkarrekin joatea. Hau gure borroka astea da eta mobilizazio guztiak haurreskolei begira antolatutakoak dira. Gaur egingo dugun elkarretaratze mugikorra ere ez da Donostian izango, Eibarren baizik, han baitago Haurreskolen Partzuergoaren egoitza.
Protestak sektoreka egitea, langileontzat ona izan da, gaia lantzen ari garelako eta bakoitza bere haurreskolatik sinisten hasi delako zerbait egin daitekeela. Baina publikoki eta mediatikoki oihartzun gutxi izan du. Geure artean banatu dugu informazioa, eta alde horretatik behintzat balio izan du. Partzuergoko arduradunei eta Cristina Uriarte sailburuari ere e-mail bidalketa masibo bat egin diegu geure aldarrikapenekin.
Gurasoen partetik nolako harrera jaso duzue? Ulertzen al dute eskatzen duzuena?
Iaz egin genituen lanuzteetan somatzen genuen gurasoek bazutela kaltetuak beti beraiek zirenaren sentsazioa. Egunero gaude beraiekin eta komunikazio ona badago, azkenean ulertarazten diezu borrokatzen ari garena ez dela gurea bakarrik, zerbitzu baten kalitatea hobetzeko ari garela; azkenean, umeekin ari gara lanean, eta umeen onerako da.
Aurtengo mobilizazioekin ikusten dute zerbait landuagoa dela, eta zentzu horretan oso jarrera ona nabaritu dut gurasoen aldetik. «Ea denen artean zerbait lortzen dugun» eta antzekoak entzun ditut. Hau, azkenean, arazo soziala da, denoi afektatzen diguna. Eta gurasoei ere parte hartzeko beste espazio batzuk eman behar zitzaizkien. Urretxun, adibidez, itxialdia egin zenean oso ondo erantzun zuten gurasoek, eta eskertu egin zuten informazioa zuzenean jasotzea.