Aitor Calvillo eta Axier Iriondo
Aitor Calvillo
Santo Tomasko peria, txorixoa eta ogia!, hala dio kantu tradizionalak. Izan ere, tradizio zaleak izan gara beti euskal herritarrak eta horretan ...
Aitor Calvillo
Santo Tomasko peria, txorixoa eta ogia!, hala dio kantu tradizionalak. Izan ere, tradizio zaleak izan gara beti euskal herritarrak eta horretan dihardugu. Abenduaren 21 hau lekuko. Santa Lutzi ere pasa zen joaneko astean, Ordiziako asteazkeneroko azoka ere hor dago… Olentzerok ere antzinatik egin digu bisita urtero garai hauetan eta ohituratzat hartua dugu jada ia etxe guztietan. Ohitura aldaketa sustatzea izan zuen, ordea, helburu burutu berri dugun Euskaraldiak eta horretarako abian ipini genuen ariketa praktikoa. «Izan ere, beti horrela egin izan dugu eta!». Baina ariketak erakutsi digu ohiturak aldatzea posible dela. Olentzero ere triste antzean zebilen azken aldian eta neskalaguna ere aurkitu du, Mari Domingi. Inolako erreparorik gabe onartu dugu, gainera, aldaketa, egungo gizarteak hala eskatzen baitu.
Baina badira aldaezinak diruditen ohiturak. Asko aipa nitzakeen arren, aurreko astean gertatutakoa komentatu nahi dut zurekin, zuekin. Badakit gure irakurle askok futbol kontuak ez dituela gogoko izango baina hara, Euskadiko Futbol Federazioak bilera egin zuen joaneko abenduaren 12an Durangon eta aho-batez onartu (ez da guztietan hala izaten) Espainiako Futbol Federazioari eskaera egitea. Zertarako? Nazioarteko federazioetan integrazioa eskatzeko bidea abian jartzeko. Horretarako Espainiako Federazioaren bermea behar da, ordea eta erantzuna Espainiatik biharamunean. Luis Rubiales aipatu Federazioko presidentearen ahotik: EZetz! Hitzez, beste inorekin alderatu ere egin gabe. Gabonak pasata jarriko direla harremanetan Euskadikoak Espainiakoekin eta ezezkoak horretan badirau auzibidea jarriko dela martxan. Izan ere, gizartearen gehiengoak hala eskatuta ere, badirudi ohitura batzuk ukiezinak eta aldaezinak direla. Zer diozu zuk, Axier?
Axier Iriondo
Nik Euskal Herrian sentitu izan dudan ilusio-unerik biziena Lizarra-Garaziren garaia izan da. 45 urte ditut eta, pentsatzen dut, zahartxoagoek, Frankismoaren bukaerarekin senti zezaketela antzeko zerbait. Belaunaldi eta ideologia bakoitzak bere pozaldiak izango eta sortuko dituela iruditzen zait.
Lizarra-Garazi garaiaren barruan Udalbiltzaren sorrera nabarmenduko nuke. Oker ez banago, lehenengo aldiz, ez ginen ezer eskatzen ari ez Frantziari, ez Espainiari. Ez zen, jakina, herrigintza orduan sortu. Ikastolak, hedabideak, gaztetxeak, Laborantza Ganbara… adibide asko dira Euskal Herrian, baina, ez ginen Estatuturik edo Forurik eskatzen ari, geu ari ginen estatu-egitura sortzen.
Nik eredua hor ikusten dut. Katalunian ikusten ari gara, eta Euskal Herrian ere ikusi dugu, ez dela erraza, baina, Espainiaren edo Frantziaren bedeinkapenaren bila alperrik joaten garela iruditzen zait. Bejondeiela, hala ere, Euskal Federaziokoei eta ez dezatela etsi. Izan ere, irrikan nago Nahikari Garcia Espainiari gola sartzen ikusteko.